ETA. Zer izan da? mahai ingurua egin du Argia-ren Larrun-ek 233. zenbakiak, Jose Felix Azurmendi, Koro Garmendia eta Joxe Mari Olarrarekin, eta han Olarrak 14-15. orrialdeetan dio Loiolako prozesua Lizarra-Garazikoa bukatu zenean hasi zela, berehala. Txillarrekoa hasi berria zen hitzordu batez ari da: “Loiolako prozesua berriz, Lizarrakoa amaitu zenean jarri zen martxan. 1999ko abenduan, PSOEk eskatua, Redondo Terreros, Benegas eta Egigurenekin bilera egin genuen  ezker abertzalearen izenean. Arnaldo Otegi, Kepa Gordejuela eta neronek. EAJren hegemoniari aurre egin nahi zion PSOEk. Jaime Mayor Oreja zen Barne ministroa. PSOEk hitz egiten genuen guztia informatzen zion Orejari. Aurrerapausoak eman ziren, baina PPk erabaki zuen mahaia apurtzea PSOEri ezer esan gabe. Nola? Ni atxilotuz. Bilerak grabatuta zeuden. ABC eta La Razón egunkariek dena lehertu zuten. PSOE beldurtu zen eta atzera egin zuen. Gero, Jesus Egigurenek segitu zuen bere kasa Arnaldorekin”. Txillarren, eta Paco Egeak BERRIArako Pernando Barrenarekin egindako solasaldian dio: “1999an, Pello Rubio, Otegi eta hirurok politikaz hitz egiteko elkartzen hasi ginen hemen, bazkaldu bitartean. Halako batean, Otegiri galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion Egiguren ere etortzea. Otegik baiezkoa eman, eta Egiguren 2000rako gurekin zen”. Eta Txillarreko kontua ez dela EAJren hegemonia. Nahi den erara uler daiteke dena.♦