Enekoitz Esnaola

Hilabetea: iraila 2018

Urriaren 1ekoari adi

ETA “garaitu” dutela irudikatzeko asmoz, urriaren 1ean ekitaldi bat egingo dute Espainiako eta Frantziako gobernuek, Madrilen. Egiteke dute halako zerbait ETAk bukatu zuenetik —maiatzak 3, Geneva—, eta beharko dute egin. Ulertzekoa izan daiteke, eta logikoa. Han izango dira, ordezkaritzen buru, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa. Uztailean Sanchezek iragarri zuen Madrilek Parisi eskerrak emango dizkiola emandako “laguntzagatik” eta “terrorismoaren biktimei gorazarre” egingo dietela; gainera, Frantzia ETAren artxiboa entregatzekoa omen da. Esperotako mezu eta ekinbideak dira, ezin harritu horregatik. Garrantzitsua da bi gobernuek (estatuek?) ere ixtea ETAren zikloa (1958-2018). Horrez gain, ikusi egin beharko ETAren aroaren osterako elkarbizitzarako mezurik emango duten; ondotik neurriekin lagunduta baletor, mezu hori litzateke garrantzitsuena biharko egunerako.♦

Henri Dunanten, koadroan

Joan den maiatzaren 3an ETAk bere desegitea iragarri zuenean Henri Dunant zentroan, Genevan, ekitaldia bukatzean zentroko goi arduradun Judyta Wasowskarekin egoteko aukera izan genuen BERRIAko kazetariok. Jesus Egigurenengatik galdetu zigun. Euskal Herrira itzuli ginenean, solasaldi horren berri eman genion Egigureni, eta Wasowskarekin jarri zen harremanetan. Uztailaren 2an Genevara joan zen, Rafaela Romero emaztearekin (PSE-EEko legebiltzarkidea) eta Maria alabarekin, eta bost egun pasatu zituzten. Uztailaren 3an Henri Dunant zentroan izan ziren, Wasowskarekin-eta egoteko, eta ikusi zuten egoitzako toki preferentzial batean ETAren desegite agiria jarria dutela, lau hizkuntzatan, koadro banatan —euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez—. Horiekin argazkiak atera zizkien Egigureni eta Romerori alabak. Diote bisita “oso emotiboa” izan zela. 2005-2007ko prozesuan Henri Dunant zentroarekin harreman estua izan zuen Egigurenek —PSE-EEko presidentea orduan—. 2005eko ekainaren 21ean handik 300-400 metrora egin zuen, Espainiako Gobernua ordezkatuz, ETArekin lehen bilera: Wilson hotelean. Josu Urrutikoetxearekin batzartu zen. Pasa den uztaileko bisitan Henri Dunantekoek aitortu zioten euskal auzikoa izan dela euren ibilbideko lanik garrantzitsuena.♦

Post scriptum (2018-9-25): Jesus Egiguren eta Rafaela Romeroren alaba Maria, Nazioarteko Zuzenbidea ikasketak egiten hasi da Deustuko Unibertsitatean, eta, ondoren, Nazioarteko Gatazken Konponbidearen atalari ekin nahiko lioke.

Continue reading

Presoak eta biktimak

BERRIAko analisiaren (2018-9-22) laburpena: Harold Gooden mezu interesgarria Donostian: “Hau ez da presoak edo biktimak; presoak eta biktimak da hau”. Iraganarekiko eta etorkizunarekiko ikuspegiak ikuspegi, presoek eta ezker abertzaleak elkarbizitzaren alde egindako pausoak nolabaiteko lasaigarri izan ahal dira ETAren biktima asko eta askorentzat —oinarri garrantzitsua da ETAk eragindako kalteaz plazaratutako adierazpena—, eta ETAren biktima anitzen jokaera integratzailea puzgarri izan ahal da presoentzat eta ezker abertzalearentzat. Behar handia dago, eta urrats gutxitxo egin dira. Presoak eta ETAren biktimak. Edo ETAren biktimak eta presoak. Uztartzea, aintzat hartuz tempusak direnak direla: biktimena erreparatuz joateko, borondate onaz gain, denbora beharko da; presoenak premia du, eta urriaren 20ko manifestazioan jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa emateko aukera bat izango da.♦

Nazio kontzientzia

BERRIAko analisiaren (2018-9-13) laburpena: 1998an nazio estrategia partekatu bat jarri zen abian, Lizarra-Garaziren ondorioz. 2018ko egoera da… Karmelo Landak Argia-n idatzi du “dimentsio estrategikoa duen” nazio egitasmorik ez dagoela. (…) German Kortabarria ELAko idazkari nagusiaren alboko ohiak esan izan du Lizarra-Garaziko “entzierroan” alderdi politikoak zirela “zezenak”, eta eragile sozial eta sindikalak, “joaldunak” besterik ez. Nekez ikusiko da Lizarra-Garazi II-rik, molde horretako egitasmorik. Horrek ez du esan nahi prozesuren bat ez denik abiatuko. Dena dela, biharko egunean zeozer balego ere, zail izango luke aurrera egitea Euskal Herrian nazio kontzientzia zabalagoa ez badago. Baina, gaur-gaurkoz, kontzientzia nazionala eskailera batzuk gorago ez egote hori ez da alderdi politikoen errua bakarrik.♦

1998-9-12ko azalekoa

Gaur, irailak 12: Lizarrako Akordioaren aurkezpenaren 20. urteurrena. Egun hartako Egunkaria-k, azalean: “Bake proposamen bat erdiesteko bilduko da gaur Irlandako Foroa”. Ez zen aditzera ematen mugarri bat ezarriko zela; sekretupean zegoen kontua, sobra ere. Bada azal berean atentzio handiagoa ematen duen beste pieza bat: Jose Barrionuevo eta Rafael Vera Guadalajarako (Espainia) kartzelako atarian ageri dira, ariketa fisikoa egiten, GAL auziagatik preso lehen gaua pasatu ondotik. Hamarna urteko espetxe zigorra zeukaten. Mantsoagatik atera zen libre bikotea; hiru hilabetera, autokritikarik egin gabe, barkamena eskatzeke eta Justiziarekin kolaboratu barik.♦

Pelikula hau

BERRIAko analisiaren (2018-9-9) laburpena: Bere alderdiaren posizio ofizialarekin ere koherentea da Markel Olanoren jarrera. EAJk 2016ko otsailean egin zuen VII. Batzar Nagusia, Iruñean, eta han onartu zuten Batasuna eta Indarra txosten politikoa. Esaten dira gauza garrantzitsuak: “Autogobernuaren narriatze eta baliogabetzea […] arazo orokor hau ez da soilik Euskadik eskuduntza gehiago edo gutxiago izan behar ote dituen ezartzea”, dio txostenak, diagnostiko bat eginda, eta, kudeaketa politikoan gatazketarako Aldebiko Batzordea eskatzeaz gain, erabakitzeko eskubidearen “instituzionalizazioa” eta “Euzkadi” nazioaren aitortza aldarrikatzen ditu, EAEko 2004ko estatutu egitasmoa eta Loiolako aurrekoardioa “oinarri” hartuta. Eta: “Ezinbesteko gertatzen da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinesten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan eta erritmoetan oinarrituta”. Logika horretan da EAJ-EH Bildu akordioa, horrek burujabetza prozesurik bermatzen ez duen arren —osagai gehiago behar—. Gutxitan, baina lehen ere ikusita gaude EAJ-ezker abertzalea akordioaren pelikula. Baten alde bukatu izan da; bestearen akatsengatik eta kanpo babesengatik, ez hainbeste bere merituengatik. Kontua da orain arteko galtzaileak bere kabuz nekez hautsiko duela estatusaren oinarrien oraingo film hau. Besteak, ikusiko. Jokoan dago sinesgarritasuna, oraindik ezer sinesgarririk baldin bada.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑