BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦