Badute jada Espainiako Gobernuko presidentea, espektakulu baten ondoren. Eta zenbat espainolizatu dugun ikuspegia azkenaldian (ere). Lekutan dago deskonexio mentala. Ados, Madrilen ere partida jokatu behar da. Baina komeni selektiboa izatea, Espainiako Estatuaren eguneroko zurrunbiloan murgiltzeke. Badira borrokatzeko kontuak: eskumenak, inbertsioak, murrizketak, mozalkeriak, helegiteak… Andaluzian ere izango dituzten bezala. Baina, taxuzko aurrerabide nazional baterako, Madrilgo mahai jokoan ez dago autodeterminazioaren arrastorik. Estatuaren lurralde ereduaren auzia aipatzen da talde politiko abertzaleen artean ere, eta gutxitxo Hego Euskal Herriaren lurraldetasun batasuna. Langai dago zorua prestatzea, eta, Madrilen ere partida jokatu behar denez, hango eta Hego Euskal Herriko askotariko indar harremanak kontuan hartuta —instituzionalak barne—, lehentasun bat da hasiera puntuan jartzea euskal presoen —eta deportatu eta iheslarien— auziaren bukaera. Beste bat, Hego Euskal Herriaren batasun instituzionalerantz jotzea, formulak formula, erritmoak erritmo. EH Bildu eta EH Bairen Euskal Bideak (2015) zera dio —zioen?— “prozesu eratzailearen” hirugarren fasean: “Eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autonomia erkidegoari eta Nafarroari dagokienez, Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera”.♦