BERRIAko analisia (2020-1-23): Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atzo eguerdian artean atxilotuta zeuzkatela, Espainiako Barne Ministerioak prentsa ohar batean iragarri zuen hurrengo orduetan aske utziko zituztela, eta autoritate judizialaren esanetara geratuko zirela. Auzitegi Nazionalak agindu zuen operazioa, baina deklaratzera ez zituzten epailearen aurrera eraman, baizik eta Guardia Zibilaren kasernetara, gero libre lagatzeko, oharrekoa egiaztatuz. Horren guztiaren esplikazioa? Bill Clintonek AEBetako 1992ko hauteskunde kanpainan George Bushen aurka erabilitako The economy, stupid-en bertsio errepresibo espainola etortzen da burura: Guardia Zibila, baboa. Hor dagoela oraindik. Kasurako, Espainiako gobernu berriak baluke asmorik eta presiorik bestelako espetxe politika bat garatzeko; Guardia Zibilak ez du hor ere gauzak errazteko asmorik eta ez presio sentsaziorik, gobernuak kendu eta ipini arren haren arduradun nagusiak. Politikoki eta humanoki eztabaidagarriak izan ahal dira euskal presoen harrera batzuetako erakustaldiak, ETAren biktima askorentzat mingarriak izateagatik, baina hortik jauzi handia dago, ministerioak egotzi bezala, “biktimen umiliazioa eta gutxiespena” gertatu dela esatera. Gainera, nekez argudia daiteke “terrorismoaren goratzearen” akusazioa. Baina Espainiako judikatura… Hala ere, estatu aparatuok egun zaila dute halako operazioekin-eta euskal politika eta elkarbizitza baldintzatzeko. Jada ez dago akzio-erreakzio espiralik; gatazkaren parte batek orain hamar urte utzi zion estrategia politiko-militarrari, eta etxeko lanak egin ditu. Etorkizunera begira dago euskal gizartea, eta biharko egunean ere izango dira presoen harrerak. Denek ere lehengo eskeman dagoen partea ahultzen joateko neurriak hartuz gero, hobeto.♦