Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 12 of 15)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Aldaketak koadernoan

BERRIAko erreportaje analitikoaren (2015-10-28) laburpena: EAEren eta Espainiako Estatuaren harremanari buruz asko ari da hitz egiten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria; sarri, eta gako batzuk plazaratuz, estatuarekiko “borondatezko bat egiteaz” hitz egiten hasteraino. Instituzionalki eta gobernabide aldetik ustez hain seguru sentitzen da, estatus politiko berriaz 2012ko hauteskunde programan emandako hitza ez betetzeak ez baitu kezkatzen, nonbait. Orduko urriko bozen kanpainan azaldu zuen erkidegoa batetik bestera zeharkatu zuela eta “guztia koadernoan apuntatuta” zeukala. “Eta nire koadernoak arrazoi du, gure bide orria baita hori. Euskadi, nazioa Europan”. Data aldaketak, behintzat, badaude koaderno horretan. Gaurtik hasita, hilabeteotan ikusiko da noraino heldu ahal den EAJ.♦

Momentu politikoa

BERRIAko analisiaren (2015-10-11) laburpena: EAJren arabera, hurrengo belaunaldi batentzako EAEko estatutu berria izatekotan Espainiako Gobernuarekin negoziatuta izango da, betiere hausturaren aukera baztertuta. “[Espainiarekiko] Borondatezko bat egiteaz ari naiz”, dio Urkulluk. Emantzipaziorik ez. EAJ dagoen bezala egonda eta EH Bilduk EAEko instituzioetan oraindik lagun berririk ez duela, EH Bildurentzat arriskurik izan dezake estatutua berritzeko lanetan buru-belarri hasteak, gerora begira barne. Bitartean aterako da Otegi kartzelatik; euskal lurraldeen lankidetza sustatzeko aukera berriak sortu ahal dira; alde batetik behintzat, gatazkaren ondorioak ixteko unea iritsi ahal da; Nafarroan aldaketa sendotuz joan daiteke —EH Bilduk ere 2019ko bozak ikusmiran izanik—… Presazko agerraldirik eskatzen ez duen momentu politikoa da. Eta, Kataluniakoaren aldean, prozesuak beherago dauka abiapuntua.♦

EH Bilduren pendulua-eta

BERRIAko analisiaren (2015-9-13) laburpena: EAJren ibilbidea definitzeko erabili izan da penduluaren metafora; subiranismoaren eta autonomismoaren arteko orekan ibili da, arriskatzearen eta pragmatismoaren artean. 120 urte dituen alderdia da, eta hor dago, botere instituzional handiarekin, bere penduluarekin eta estiloarekin. Hori da euskal abertzaletasuneko bloke bat, denentzat ezagun dena. Besteak, ezkerralderakoak, ba al du bere pendulurik eta estilorik? Ezker abertzaleak / EH Bilduk, “prozesu eratzailean” lurralde batasuna, euskal estatua eta “justizia soziala” xede, beharko du estilo bat finkatu. Han, azkeneko urteotan guztia agian gehiegi kontrolatu eta gidatu dute goitik, zuzendaritzatik. Ardatz nagusiak zein dituzten jakitun, orain tokian tokira egokitu nahi dute estrategia, autonomia emanez udalerriei. Bere pendulua ere badu finkatzeko. Hots, soziologiari so egin, eta asmatu beharko du non jo oso ezkerretik eta non plazaratu identitate kontuak. Horrek denak denbora bat eskatuko die, eta, lehen hauteskunde zikloa bete ondoren, gutxienik lauzpabost urteko perspektibarekin aritzea, ez baita epe motzean aldaketarik espero.♦

Erakusketetako margolanak bezala

BERRIAko analisiaren (2015-7-18) laburpena: Bukatu ziren Espainiako gobernuburuen keinuak eta ustezko urratsak, bai euskal gatazkaren prozesu politikorako, baite knikorako. ETArik gabeko aro berri honetan, Sanchez ez da hurreratu ere egiten bere alderdikide Zapateroren 2006ko adierazpenera, baina EAJk azkar heldu dio PSOEren konstituzio erreforma nahiaren amuari, “estatu eredu berri bat” behar dela aldarrikatuta. Urkulluren alderdikide Xabier Barandiaranen ustez, “krisi sakonean dago abertzaletasuna, eta, arazoari behar bezala heldu ezean, mugimendu estetiko huts bihurtuko da”. Estatiko ere bai.♦

Ur azpian gehiago ez izateko

BERRIAko analisiaren (2015-6-28) laburpena: Gaur zortzi, Gure Esku Dago-k deituta, milaka eta milaka herritar etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Euskal Herriaren askatasunaren bidean egitasmo interesgarria da Gure Esku Dago, baina badira bide gehiago zabalduak, badira errei gehiago, guztiak ere izaera, erritmo edota inplikazio desberdinekoak, —oraindik— artikulatu eta forma eman gabeak. Prozesu baterako, ertz denetako jendea batzeko formulak bilatu beharko dituzte. Jose Mari Esparzak Cien razones por las que dejé de ser español liburuan XIX. mendeko foruei buruz-eta ari denean dio “herria altxatzeko” ez dela aski “zapaltzailea” definitua izatea; negoziatzeko ezinbesteko direla “helburu argiak eta lider handiak”. “Euskaldunek ez dituzte izan, eta herria birrindu egin dute negoziazio mahaian”.♦

Agintean abertzaleak nagusiki, baina…

BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-14) laburpena: EAJk EAEko hiru hiriburuak eta aldundiak lortu ditu. Indartsu dago instituzioetan, Jaurlaritzan ere hura baitago. Baina inon ez dauka gehiengo osorik, eta PSErekin akordioa egin du. Lizarra-Garazitik (1998) zeuden horrelako itun bat egiteke. 1987an abiatu zuten lankidetza instituzional egonkorra, baina ordukoaren aldean ahul dago PSE. Nafarroan, aldiz, udaletan ere indar harremanak bestelakoak dira, erregimenaren aldaketaren aldekoak baitira nagusi: EH Bildu, Geroa Bai, herritar batasuneko hautagaitzak eta Ezkerra. Hegoaldean udal bozek eta udalen osaerak hiru bloke marraztu dituzte: abertzaleek indar handia daukate, bloke konstituzionalistaren udal pisua asko murriztu da, eta Ahal Dugu-Irabazi-Ezkerra eremu batzuetan erabakigarriak edo garrantzitsuak dira. Dena dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bloke abertzalearen nagusitasuna ez da bere ahalmen osoarekin garatuko erakundeetan, EAJ-PSE itunagatik.♦

Captura de pantalla 2015-06-16 a las 12.06.41

« Older posts Newer posts »

© 2026 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑