Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 11 of 15)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Operazioa bukatzeke

BERRIAko analisiaren (2016-2-6) laburpena:  Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. Duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari, eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen: 1992, 1995, 1998, 2004, 2006. Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso “berriak” eta “ausartak” egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.♦

Bigarren partea

BERRIAko analisiaren (2016-1-14) laburpena: Sorturenak Espainiako legedia betetzen zuten estatutuak ziren; sobran bete ere. Lortu zuen estatuaren legeztapena, 2012ko ekainean. Bidea erakutsi zuen. ETAren 2011ko urriko erabaki historikotik aurrera Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko ahalegina antzua izan ondoren, 2013ko uda hasieran elkarrizketa adierazgarri bat eman zuen Iñigo Iruinek BERRIAn euskal presoek jorratu beharrekoaz. “Oso kontuan hartu behar du zein diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak”. 2013ko abenduan etorri zen EPPKren adierazpena: kolektiboko presoak prest zeuden Espainiako lege baliabideak erabiltzeko; gainera, aitortu zuten “eragindako sufrimendua eta mina”. Emaitzarik ez, estatuak itxita jarraitu baitu. Estrategia haren bigarren partea dator orain, Rufi Etxeberriak herenegun Iruñeko hitzaldi batean esandakotik aurreikusi ahal denez. Dena dela, dagokien tokian idatziak aurkeztean komeniko litzateke presoek aurreko aldian baino gardentasun handiagoa izatea. Sortuk estatutu deseroso haiek publiko egin zituen, denek jakiteko moduan.♦

Presoak eta presak

BERRIAko analisiaren (2016-1-10) laburpenaGatazka armatuaren garairik gogorrenetan eta haien ondorengo prozesuetan euskal presoen auzia agendan egon zen, gehiago edo gutxiago. Aldiz, ETAk 2011ko urrian borroka armatua bukatutzat eman bazuen ere, presoen auzia ez dago agendan. Erantzule dira Espainiako eta Frantziako estatuak; haiek dituzte espetxeetako giltzak. Gainera, atzerapausoak egin dituzte bakearen urteotan, batik bat Espainiak. Baina Madril oso lasai egon da, euskal gizarteak ez baitio presio eraginkorrik egin, mobilizazioak mobilizazio. EAJk badu erantzukizun historikorik honetan guztian. EAJk ez du presorik, eta presarik ere ez. Esaten du, gainera: ezker abertzalearen arazoa da presoena. Ezker abertzaleak ere badu erantzukinik. Baditu presoak, eta badu presarik gatazkaren parte humano hori konpontzeko eta, ondorioz, bere proiektu politikorako bidea zabaltzeko. Itotzen ari da, eta gatazkaren ondorioetan haren aldetik erabaki berri eta handien garaia heldu dela barruntatu ahal da. Erne gizartearen indiferentziarekin.♦

PPrekin harremana

BERRIAko analisiaren (2015-12-23) laburpena: EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko boz autonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.♦

Badaezpada han

BERRIAko analisiaren (2015-12-6) laburpenaEspainiako Kongresuan hurrena ez da alderdi baten gehiengo osorik egongo, baina bai beste estatu itun bat egitear diren indar batzuen artekoa. Hain segur, PPren eta Ciudadanosen artekoa —estatu interesetan, itunkide PSOE lagun dute—. Euskal Herriak ukazioa jasoko du. Baina EAJ / Geroa Bai eta EH Bildu Madrilen izango dira, badaezpada: EAJ, sikiera Gernikako Estatutuaren erreforma leun bat lantzen bada han ere egote aldera, eta EH Bildu, ETA armagabetzen bada ere. Nafarroako Aldaketaren mugimendua ez da Madrilera begirakoa, ez da badaezpadakoa. Nafarroako aldaketa sendotzen segitzeko egina da urratsa. Ez da eskumen kontua, irismen kontua baizik. Bada aldea.♦

III. estatu ituna

BERRIAko analisiaren (2015-11-14) laburpena: 1978an egin zuten I. estatu ituna: Espainiako Konstituzioa. Haren barruko Herriei nazio izaera eta autodeterminazio eskubiderik aitortzeke. Batik bat nazionalismoak integratzearren, autonomien estatua asmatu zuten, baina 1982an LOAPA etorri zen, abertzaleen eskuko erkidegoek hainbesterainoko ahalmenik ez izateko. 2000n heldu zen II. estatu ituna: euskal mapa politikoa iraultzeko Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna egin zuten PPk eta PSOEk. Baina estatu eredua krisi larrian da. Herriek aske izateko bidean jarraitzen dute. Orain egin nahi dute PP, PSOE eta C’s unionistek III. ituna, dagoeneko egina ez badute: bide instituzional, politiko, baketsu eta demokratikoak erabilita Espainiako Estatutik askatu nahi dutenak zigortzeko. Baina Urkulluk oraindik ikusten du estatu eredu berria lor daitekeela. Non dago zirrikitua?♦

Independentismora abertzaletasunetik

BERRIAko analisiaren (2015-11-1) laburpena: Independentista sareak dio abertzaletasunetik harago doan independentismoa sortu behar dela. Independentismoak funtzionatzeko, faktoreak faktore, mobilizazioak mobilizazio eta aurkariaren probokazioak probokazio, azkenean bototan ere neurtu behar ditu indarrak, eta Katalunian ikusi dena da ordezkaritza instituzionalean independentismoa hazi, abertzaletasunean hazi dela. CDCko zuzendaritzak emandako pausoa erabakigarria izan da, baina Katalunian lehen CiUren ohiko boto-emaile gehienak ez al ziren independentista? 2009-2011 arteko 554 galdeketek bazirela zioten. Duela urtebete Arrankudiagan (Bizkaia) EAJ ofizialki ez zen herri galdeketaren alde agertu, baina jeltzaleen talde kualifikatu batek babestu eta sustatu egin zuen, eta interpretatu daiteke EAJko boto-emaile gehienek ‘euskal estatu subiranoa bai’ bozkatu zutela. Nazioaren bereizgarriei eutsiz, eremurik urbanoetarako-eta diskurtso instrumental batekin eta praktika zehatzekin batik bat oinarri abertzalea aktibatuz, alderdietako maila orotako koadroetan eragitea al da euskal independentismoaren jauzirako giltza bat?♦

« Older posts Newer posts »

© 2026 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑