Bilaketa: Prefet

Bilaketa azalpenetan:

idazkuntza >> Estiloa >> Aditz estiloa, biziagoa >> Kazetaritzarako, aditz estiloa

Aditz estiloa egokiagoa da kazetaritzako testuetarako, kontaketari dagokiolako bete-betean: dinamikoagoa eta adierazkorragoa da; laburrago idazteko modua ematen du; konkretuagoa da, ez izen estiloa bezain abstraktua; eta agentea edo egilea esplizitatu egiten du.

Aditz estiloa naturalagoa da, izen estiloa baino.

[ez] Onuragarria izan da lanaren antolakuntzaren egitura-aldaketa.

[bai] Onuragarria izan da lana antolatzeko egitura aldatzea.

[ez] Atletico Madrilen aurka lortutako garaipenak lasaitasuna ekarri du taldera.

[bai]Atletico Madrili irabazi izanak lasaitasuna ekarri dio taldeari.

[ez] Zazpi partida jokatu ditu: bost garaipen, berdinketa bat eta porrot bat.

[bai] Zazpi partida jokatu ditu: bost irabazi, bat berdindu eta bat galdu.

Egiazko agentea edo egilea agerian uzten du aditz estiloak, eta, ondorioz, esaldiak indar handiagoa du. Izen estiloak, aldiz, ezkutatu egiten ditu agenteak edo egileak.

[ez] Herritar batek zigorra jaso du epaiketa batean itzultzailea ez onartzeagatik.

[bai] Herritar bat zigortu (egin) du auzitegiak, epaiketa batean itzultzailea ez onartzeagatik.

Izen estiloan, aditza izen bihurtzen da, eta horrek ordezko aditzaren premia dakar.

murriztu (aditza) > murrizketa (izena) > murrizketa jasan (ordezko aditza)

Ondorioz, hasierako aditz zehatzaren ordez (murriztu), beste aditz bat idazten da, askotan guztiz desegokia esanahi aldetik, erdarazko esapidea kalkatuz sortua delako, eta ez euskaratik beretik. Horren erakusgarri argiak dira, esaterako, jasan aditzarekin azken urteotan osatu ohi diren esamolde badaezpadakoak: autoak kalteak jasan ditu*; langabeziak igoera jasan du*; tenperaturak beherakada jasango du*...  

Aditz estiloan, aldiz, hitz zehatza erabiltzen da, itzulingururik gabe.

[ez] Aurrekontuak murrizketa jasango du aurten.

[bai] Aurrekontua murriztu egingo dute aurten.

[ez] Bakterioaren azterketa burutzen ari dira.

[bai] Bakterioa aztertzen ari dira.

Aditz estiloa aberatsagoa da hiztegi aldetik: gauza bakoitzari bere izena ematen zaio, edo, hobeto esanda, ekintza bakoitzari bere aditza.

Izenetan oinarritzeak, aldiz, hitz pobrezia dakarkio testu osoari, neurri gabe ugaritzen baitira zernahitarako aditzak: egon, izan, jaso...

lehertu (aditza) > leherketa (izena) > leherketa izan (zernahitarako aditza)

[ez]Lehergailu batek eztanda egin zuen atzo Bilboko Galarza etxe agentzian. Leherketa arratsaldeko bostak aldera izan zen, eta, Ertzaintzak jakinarazi duenez, ez zen zauriturik egon.

[bai] Lehergailu batek eztanda egin zuen atzo Bilboko Galarza etxe agentzian. Arratsaldeko bostak aldera zartatu zen, eta, Ertzaintzak jakinarazi duenez, ez zen inor zauritu.

[ez] Castrok erorikoa izan du.

[bai] Castro erori (egin) da.

[ezPorrotik jaso gabeko sei jardunaldi.

[baiGaldu gabeko sei jardunaldi.

Aditz estiloan, errazago josten dira esaldiak, eta nekez uzten dira osagaiak ondo lotu gabe.

[ez] UDBk ukatu egin du abertzaleen partaidetza prefet musulmanaren aurkako erasoan.

[bai] UDBk ukatu egin du abertzaleek prefet musulmanaren aurkako erasoan esku hartu izana.

[ez] Estrategikotzat jo du euskararen erabilpena astialdian.

[bai] Estrategikotzat jo du astialdian euskara erabiltzea.

[ez] Bushek agindu zituen tortura metodoak galdeketetan.

[bai] Bushek agindu zuen galdeketetan nola torturatu.

Deklinabide soilagoa eskatzen du aditz estiloak. Izen estiloan, aldiz, gehiago —eta gehiegi— erabiltzen dira -ren eta -ko atzizkiak, eta horrek hainbat arazo sortzen ditu. Esaterako, segida luzeetan, kakofonikoa da; errazago galtzen da esaldiaren haria; dudak sortzen zaizkio kazetariari: zer idatzi, -ren edo –ko?, zer da egokiena, haren, bere edo beraren?...

[ez] Izar talde publikoaren pribatizazioaren asmoaren kontrako jarrera agertu dute, enpleguen galera eta lan baldintzen okertzea ekarriko duelakoan.

[bai] Izar talde publikoa pribatizatzearen kontra daude, enpleguak galtzea eta lan baldintzak okertzea ekarriko duelakoan.

[ez] Txostenaren berehalako eta baldintzarik gabeko onarpena nahi dute.

[bai] Txostena berehala eta baldintzarik gabe onartzea nahi dute.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa