Heriotzaz hitz egitea eta joateko prozesu hori modu kontziente batean bizitzea gero eta ezohikoagoa da gizarte honetan, baina onura handiak ekar ditzakeelakoan da Hil Arte Bizi elkartea. Horretaz gogoeta egiteko jardunaldi batzuk egin ditu Lekeition.
«Inork ez du nahi hil, ezta gertukorik galdu ere». Heriotzak beldurra ematen duela argi dauka Nerea Erkiaga Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzaileak. Hala ere, horri buruz hitz egiteak onura handiak ekar ditzakeela uste du: «Heriotzaren inguruko iritziak eta emozioak elkarri kontatzeak minak bideratzeko eta maitasuna adierazteko aukera ematen du». Besteak beste, herrian, hezkuntzan, osasungintzan eta adinekoen zaintzan horri buruzko pedagogia egin beharko litzateke, Erkiagaren iritziz, «doluan edo heriotza prozesuan daudenen aldamenean egoteko, haiek bakarrik utzi gabe».
Garai batean, heriotza ate joka etortzen zenean, senide eta lagunek hildakoaren etxean egiten zuten gaubeilacloseHil hurren direnen ondoan egin ohi zen errezo saioa.. «Heriotza etxean zegoen, baina ez zen horretaz berbarik egiten», nabarmendu du Erkiagak. Maite Kaltzakortak txikia zela galdu zuen bi urteko lehengusu bat, egoera oso tragikoan. «Amak, ordea, sekula ere ez zigun azaldu nola gertatu zen; hil egin zela besterik ez. Gero jakin nuen, nagusiagoa nintzenean». Teresa Zaballak, berriz, 19 urte zituen bere aitita zendu zenean. Berez hil zen. Halere, «haren logelara sartu eta handik irteten ziren bakoitzean, atea ixten zuten amak eta izebek, gu babesteko asmoz agian».
Kaltzakorta eta Zaballa Lekeition bizi dira, eta biek Hil Arte Bizi egitasmoak hango udalarekin batera antolatutako topaketetan parte hartu dute. Heriotzaren inguruko gogoeta bultzatzea da jardunaldien helburua, herritarrak elkarrizketatuz edo haiekin mahai inguruak eginez. Besteak beste, hil direnen ondoan izandako esperientzia onei buruz ere aritu dira.
Ohiturak aldatu egin dira, eta gaur egun beilatokietancloseGorpuak, ehortzi edo erraustu aurretik, zaintzera edo beilatzera eramaten diren eraikin edo lokalak. agur esaten zaie zendutakoei, etxean esan beharrean. Baina, heriotza oraindik ere tabuacloseAipatzea edo adieraztea ezegokitzat jotzen den zerbait. da: «Horrek apurtu egiten du heriotzaren inguruko ikasketa prozesu pertsonala eta kolektiboa», azpimarratu du Erkiagak.
Urte askoan, «kristau onak izan ezean infernuko suan erretzeko arriskuaz» baliatu izan da Eliza, fededunak otzan mantentzeko. «Gaur egun, berriz, ikus-entzunezkoen kulturan bizi gara, eta gure inkontzientean eragin itzela dute horiek». Batetik, albistegietan agertzen den «heriotzaren pornografiaz» ohartarazi du Hil Arte Biziren sortzaileak: «Erailketen, istripuen eta gerren ondorioz, biolentzia handiz hildako gorpuak erakusten dira». Bestalde, ikus-entzunezkoetan «terrorearen gainprodukzio bat» dagoela azpimarratu du. Horren adibide izango lirateke telesailetan, filmetan eta bideojokoetan gero eta gehiago agertzen diren mamuak, munstroak, banpiroakcloseHil ostean, bizi direnen odolaz elikatzen den izaki mitologikoa. eta zonbiakcloseModu baldar eta astunean mugitzen den hildako berpiztu bat..
Zera uste du Erkiagak: «Horren guztiaren eraginez, inkontzienteki, pertsonaia beldurgarri bat etortzen zaigu burura heriotza aipatzen dugun bakoitzean. Eta, gehienetan, pentsamendu magiko bat sortzen da: heriotzaz hitz eginez gero erakarri egingo dugula, alegia».
Umeekin aritzeak ere on egiten du
Hil Arte Bizi helduei zuzendutako egitasmoa izan arren, umeek heriotzaren aurrean sentitzen duten beldurraz hitz egiteko aukera ere izan dute jardunaldietan. Denbora gutxian hurbileko hainbat senide hil zitzaizkion Kaltzakortari, eta berarekin txikitan egin ez zutena alaba nagusiarekin egitea erabaki zuen: «Hain gogorra izanda egoera, normala zen umeak beldurra izatea. Baina aurrerapauso bat izan zen haurrak bere kezkez hitz egiteko konfiantza sortzea».
Zaballaren ustez, gertuko norbait galtzen denean bezain garrantzitsua da aurretik ere heriotzari buruzko pedagogia egitea: «Guztioi gertatuko zaigu. Hala ere, heriotzari bizkarra emanda bizi gara. Horretaz jabetzeak bizitzan garrantzitsuak diren gauzei arreta jartzeko balio digu, tontakerietan denbora galdu gabe».
«Heriotzari buruz hitz egiteak ez gaitu hilko». Horixe bera uste du Erkiagak. Baina, norbanakoek sentitzen duten beldurrari eta minari arreta jartzeaz gain, maila kolektiboan ere eragitea beharrezkoa dela uste du Erkiagak, «doluan edo heriotza prozesuan daudenen aldamenean egoteko, haiek bakarrik utzi gabe». Horiek horrela, herrian inork aipatu nahi ez dituen gaiak ere jorratu nahi dituzte Lekeitioko jardunaldietan.
Jatorrizko artikuluak
-
«Heriotzari buruz hitz egiteak ez gaitu hilko»
Kepa Ugarte Martiarena |
|