«Inork ez du nahi hil, ezta gertukorik galdu ere». Heriotzak beldurra eragiten duela argi dauka Nerea Erkiaga Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzaileak. Hala ere, horri buruz hitz egiteak onura handiak ekar ditzakeela uste du: «Heriotzaren inguruko iritziak eta emozioak elkarri kontatzeak minak bideratzeko eta maitasuna adierazteko aukera ematen du». Besteak beste, herrian, hezkuntzan, osasungintzan eta adinekoen zaintzan horri buruzko pedagogia egin beharko litzateke, Erkiagaren iritziz, «doluan edo heriotza prozesuan daudenen aldamenean egoteko, haiek bakarrik utzi gabe».
Garai batean, heriotza ate joka etortzen zenean, senide eta lagunek hildakoaren etxean egiten zuten gaubeila. «Heriotza etxean zegoen, baina ez zen horretaz berbarik egiten», nabarmendu du Erkiagak. Maite Kaltzakortak txikia zela galdu zuen bi urteko lehengusu bat, egoera oso tragikoan. «Amak, ordea, sekula ere ez zigun azaldu nola gertatu zen; hil egin zela besterik ez. Gerora enteratu nintzen, nagusiagoa nintzenean». Teresa Zaballak, berriz, 19 urte zituen bere aitita zendu zenean. Berez hil zen. Halere, «haren logelara sartu eta handik irteten ziren bakoitzean, atea ixten zuten amak eta izebek, gu babesteko asmoz agian».
«Inkontzienteki, pertsonaia beldurgarri bat etortzen zaigu burura heriotza aipatzen dugun bakoitzean. Eta, gehienetan, pentsamendu magiko bat sortzen da: heriotzaz hitz eginez gero erakarri egingo dugula, alegia»
NEREA ERKIAGA Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzailea
Kaltzakorta eta Zaballa Lekeition bizi dira, eta biek Hil Arte Bizi egitasmoak hango udalarekin batera antolatutako topaketetan parte hartu dute. Heriotzaren inguruko gogoeta bultzatzea da jardunaldien helburua, herritarrak elkarrizketatuz edo haiekin mahai inguruak eginez. Hain zuzen, hurrengo saioa bihar izango da, 18:00etan, Lea-Artibaiko udalerri horretako Azkue aretoan: hil direnen ondoan izandako esperientzia onei buruz mintzatuko da Oihana Garatea.
Infernua eta arima herratuak
Ohiturak aldatu egin dira, eta gaur egun beilatokietan agur esaten zaie zendutakoei, etxean esan beharrean. Baina, heriotza oraindik ere tabua da: «Horrek apurtu egiten du heriotzaren inguruko ikasketa prozesu pertsonala eta kolektiboa», azpimarratu du Erkiagak.
Urte askoan, «kristau onak izan ezean infernuko suan erretzeko arriskuaz» baliatu izan da Eliza, fededunak otzan mantentzeko. «Gaur egun, berriz, ikus-entzunezkoen kulturan bizi gara, eta gure inkontzientean eragin itzela dute horiek». Batetik, albistegietan ematen den «heriotzaren pornografiaz» ohartarazi du Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzaileak: «Erailketen, istripuen eta gerren ondorioz, biolentzia handiz hildako gorpuak erakusten dira». Bestalde, ikus-entzunezkoetan «terrorearen gainprodukzio bat» dagoela azpimarratu du. Horren adibide izango lirateke telesailetan, filmetan eta bideojokoetan gero eta gehiago agertzen diren mamuak, munstroak, banpiroak eta zonbiak.
Zera uste du Erkiagak: «Horren guztiaren eraginez, inkontzienteki, pertsonaia beldurgarri bat etortzen zaigu burura heriotza aipatzen dugun bakoitzean. Eta, gehienetan, pentsamendu magiko bat sortzen da: heriotzaz hitz eginez gero erakarri egingo dugula, alegia». Horrek sortzen du ikara.
«Guztioi gertatuko zaigu. Hala ere, heriotzari bizkarra emanda bizi gara. Horretaz jabetzeak bizitzan garrantzitsuak diren gauzei arreta jartzeko balio digu»
TERESA ZABALLA Lekeitioko herritarra
Hil Arte Bizi helduei zuzendutako egitasmoa izan arren, umeek heriotzaren aurrean sentitzen duten beldurraz hitz egiteko aukera ere izan dute jardunaldietan. Denbora gutxian hurbileko hainbat senide hil zitzaizkion Kaltzakortari, eta berarekin txikitan egin ez zutena alaba nagusiarekin egiteko adorea izan zuen: «Hain gogorra izanda egoera, normala zen umeak beldurra izatea. Baina aurrerapauso bat izan zen haurrak bere kezkez hitz egiteko konfiantza sortzea». «Horrela jokatuz gero, mina kanporatzeko aukera ematen diegu umeei, berezkoa duten kuriositateari erantzuteaz gain. Bakardadean, heriotzari buruzko irudikapenak beti dira beldurgarriagoak eta mingarriagoak», gehitu du Erkiagak.

Zaballaren ustez, gertuko norbait galtzen denean bezain garrantzitsua da aurretik ere heriotzari buruzko pedagogia egitea: «Guztioi gertatuko zaigu. Hala ere, heriotzari bizkarra emanda bizi gara. Horretaz jabetzeak bizitzan garrantzitsuak diren gauzei arreta jartzeko balio digu, tontakerietan denbora galdu gabe».
Zaintza kolektiboa
«Heriotzari buruz hitz egiteak ez gaitu hilko». Horixe bera uste du Erkiagak. Baina, norbanakoek sentitzen duten beldurrari eta minari arreta jartzeaz gain, maila kolektiboan ere eragitea beharrezkoa dela uste du Erkiagak, «doluan edo heriotza prozesuan daudenen aldamenean egoteko, haiek bakarrik utzi gabe». Horiek horrela, herrian inork aipatu nahi ez dituen gaiak ere jorratu nahi dituzte Lekeitioko jardunaldietan.
Besteak beste, urtarrilaren 28an, hileta enpresei eta gorpuaren zaintzari buruz hitz egingo du Izarra beilatokiko ordezkari batek. Izan ere, Erkiagaren arabera, aldaketa asko izan dira azken urteetan, «eta jakin beharrekoak dira, nork bere erara egin ahal izateko eta herri mailan erabakiak hartu ahal izateko ere bai». Ekitaldia 18:00etan izango da, Lekeitioko Azkue aretoan.
HURRENGO SAIOAK