
Turismoa aho biko ezpata dela esan daiteke. Onura ekonomikoa dakar ostalaritzarentzat, eta udal batzuek sustatu egiten dute; baina gero eta eragin handiagoa du herritarrengan, eta ez beti onerako.
UdatiarrakcloseUda pasatzera etortzen diren pertsonak. eta turistak etortzearekin batera, hainbat herritako biztanleria nabarmen handitzen da. Herrian zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta etekin handiagoa ostalaritzan eta merkataritzan. Dena dela, aldi berean, udalentzat «buruhaustea» da, zerbitzuak areagotu eta indartu behar direlako eta hori «gastu handia» delako.
Ez da fenomeno berria. Betidanik joan dira udatiarrak barnealdetik kostaldera, berotik ihesi. Urteekin, ordea, handitu egin da Euskal Herrira datorren bisitari kopurua; aurten, 2,5 milioi bat izan dira. Gainera, aldatu egin da turismo eredua. «Asko eguna pasatzera etortzen dira autobusetan, eta talde handietan ibiltzen dira», azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak (EH Bildu).
Urte barruan, Lekeitiok 7.000 bat biztanle ditu; udan, berriz, 21.000. «Neguan herri lasaia da, eta, bat-batean, udan aztoratu egiten da», dio Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak (EH Bildu). Zumaiara eta Hondarribira ere turista andana joaten da; flyschak erakarrita batera, eta alde zaharra eta paisaiak ikustera bestera. Hiru herrietara Espainiatik iristen dira bisitari gehienak, baina azken urteetan Frantziatik eta Herbehereetatik ere etortzen ari dira. Hirurek argi dute ez dutela herrian turismoa sustatu nahi, baina aitortu dute jende gehiago iristeak ekonomia susta dezakeela.
Batzuentzat etekinak direnak, baina, beste batzuentzat buruhausteak dira. Lekeitioko alkateak zalantza du etekinak zenbatekoak diren turismo eredu berri honekin. «Aztertzeko dago eguna pasatzera etortzen direnak dirua gastatzen ote duten bertan». Hondarribian sumatu dute kontrakoa dioen joera, Igor Enparan alkateak dioenez: «Bisitari kopuruak gora egin arren, merkataritzan ez dute hainbeste kontsumitzen».
Bisitari kopurua handitzeak eragina badu herriak egiten duen gastuan: «Hondartzak prestatu behar dira, sorosleakcloseHondartzan salbamendu lanean aritzen diren langileak., aparkalekuak... Aldaketak egin behar dira garbiketa sisteman eta udaltzaingoan. Hori dena gastu handia da udalarentzat», adierazi du Ostolazak. Lekeitioren kasuan, buruhaustea ere bada, alkateak dioenez. «Hiru halako dira biztanleak udan, baina osasun zerbitzuak edo garraio publikoa berdinak dira» . Hondarribian ere, nekez iristen dira gastuak kubritzera.
Gainera, turismoak herritarren egunerokoan eragin zuzena duela diote alkateek. Azken urteotan, jende pilaketak eguneroko ogi bihurtu dira, turistak talde handietan mugitzen direlako.
Ez dauka ikuspegi bera Getxoko Udalak ―EAJk agintzen du bertan―. Haren arabera, iaz egindako inkesta baten arabera, hiru herritarretik bik (%64,4) uste dute turismoak lagundu egiten duela garapen ekonomiko eta kulturalean, eta hamarretik zazpik uste dute ez duela eragin kaltegarririk herritarren bizi kalitatean.
Etxebizitzaren arazoa
Turismoak okertu egin du herri batzuetako etxebizitza arazoa. Gero eta etxe gehiago daude turistentzat, eta gutxiago bertako herritarrentzat. Lekeition nabarmen igo da salgai edo alokairuan dauden etxebizitzen prezioa. «Kanpotik datozenak prest daude prezioak ordaintzeko, eta lekeitiarrentzat ezinezkoa da», esan du alkateak. Antzera gertatzen zaie Hondarribian. «Hondarribiar asko herritik kanporatuak izan gara, ez dugulako baliabiderik».
Jatorrizko artikuluak
-
Turismoa: onuragarria ostalaritzarentzat, buruhaustea udalentzat
Goiatz Iza Erkis |
|