Udaren amaierarekin, hustu dira hotelak, eta etxera bueltan dira turistak. Udatiarrak eta turistak etortzearekin batera, hainbat herritako biztanleria nabarmen handitzen da. Herrian zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta etekin handiagoa ostalaritzan eta merkataritzan. Dena dela, aldi berean, udalentzat «buruhaustea» da, zerbitzuak areagotu eta indartu behar direlako eta hori «gastu handia» delako.
Ez da fenomeno berria. Betidanik joan dira udatiarrak barnealdetik kostaldera, berotik ihesi. Urteekin, ordea, areagotu egin da Euskal Herrira datorren bisitari kopurua; aurten, 2,5 milioi bat bisitari. Gainera, aldatu egin da turismo eredua. Gaur egun, ohikoagoa da ikustea herri batera eguna pasatzera joaten diren turistak, bertakoak edo atzerritarrak. «Turistak eguna pasatzera datoz; haien asmoa ez da herrian integratzea, lehen udatiarrek egiten zuten bezala», esan du Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak (EH Bildu). Eredu bera gailentzen da Zumaian eta Hondarribian ere (Gipuzkoa). «Eguna pasatzera etortzen dira autobusetan, eta talde handitan ibiltzen dira», azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak (EH Bildu).
«Turistak eguna pasatzera datoz; haien asmoa ez da herrian integratzea, lehen udatiarrek egiten zuten modura»
ANDER ALDAZABAL Lekeitioko alkatea
Urtean zehar, Lekeitiok 7.000 bat biztanle ditu; udan, berriz, 21.000. «Neguan herri lasaia da, eta, bat-batean, udan aztoratu egiten da». Freskuraren bila etortzen dira, herriaren alde zaharrak, paisaiak eta hondartzak liluratuta. Zumaiara eta Hondarribira ere turista andana joaten da; flyschak erakarrita batera, eta alde zaharra eta paisaiak ikustera bestera. Hiru herrietara Espainiatik iristen dira bisitari gehienak, baina azken urteetan Frantziatik eta Herbehereetatik ere etortzen direla gehitu dute. Hondarribian, batik bat herrira iristeko azpiegiturek errazten dute turismoa. «Autoz, itsasontziz eta hegazkinez irits zaitezke herrira, eta horrek eragina du», esan du Igor Enparan alkateak (Abotsanitz).
Onuragarria saltzaileentzat
Hirurek argi esan dute ez dituztela herriak helburu turistiko bezala sustatzen. Baina, era berean, badakite zenbat eta jende gehiago iritsi orduan eta mugimendu gehiago dagoela, eta hori positiboa dela ekonomiarako. «Turismoa onuragarria da ostalaritzarentzat eta merkataritzarentzat», esan du Ostolazak. Aldazabalek ere iritzi bera du: «Begi bistakoa da etekin ekonomikoak dituela. Dendentzat arnasa hartzeko aukera dira turistak». Enparanek azaldu duenez, Hondarribiko sektore handi bat zerbitzuetan aritzen da, eta, ondorioz, garrantzitsua da. «Jende asko bizi da bisitariek sortzen duten mugimendu ekonomikotik».
Getxoko Udalak (Bizkaia) —EAJk agintzen du—, berriz, lan egiten du turismoa erakartzeko eta herria helmuga turistiko «moderno eta berritzailetzat» hartzeko, betiere «jasangarria, errespetuzkoa eta kalitatezkoa». Izan ere, garbi esan du turismoak dakartzan etekin ekonomikoak handiak direla.
Etekinak nola, gastuak hala
Batzuentzat etekinak direnak, beste batzuentzat buruhauste. «[Turismoak] Jarduera ekonomikoa aktibatzen du, baina soilik sektore batekoa», azaldu du Ostolazak. Aldazabalek zalantza du etekinak zenbatekoak ote diren turismo eredu berriarekin: «Aztertzeko dago eguna pasatzera etortzen direnek zenbat kontsumitzen duten herrian, edo dirua gastatu gabe joaten diren». Hondarribian sumatu dute aldaketa jada: «Bisitari kopuruak gora egin duen arren, merkataritzan ez dute hainbeste kontsumitzen ja».
Udan herriko biztanlerik gora egiten duen moduan, zerbitzuak ere areagotu eta indartu egin behar dira. «Hondartzak prestatu behar dira, sorosleak, aparkalekuak eta abar. Hori egiteak aldaketak ekartzen ditu, esaterako, garbiketa sisteman eta Udaltzaingoan», azaldu du Ostolazak. Hori guztia «gastu handia» da udalarentzat. Lekeition, gastu ekonomikoa izateaz gain, buruhauste bat da: «Hiru halakotu egiten da biztanleria, baina osasun zerbitzuak eta garraio publikoa berdinak dira». Hondarribian ere «nekez» heltzen diete gastuei dituzten baliabideekin.
«Zentzu batean turismoa onuragarria da, betiere tamainan egiten baldin bada»
IÑAKI OSTOLAZAZumaiako alkatea
Era berean, turismoak herritarren egunerokoan eragin zuzena duela azpimarratu dute hirurek. «Kaleak eta tabernak gero eta beteago daude», kontatu du Aldazabalek. Zumaiarrak ohituak daude udatiarrak ikusten. Azken urteetan, baina, jende pilaketak eguneroko ogi bilakatu dira. «Taldeka etortzen dira, eta manifestazio batean egongo balira bezala ibiltzen dira», zehaztu du Ostolazak. «Zentzu batean turismoa onuragarria da, betiere tamainan egiten baldin bada».
Hondarribiko kaleetan ere berdin gertatzen da. Ondorioz, Irungo Udalarekin (Gipuzkoa) batera gobernantza eredu berri bat jarri dute martxan: estrategia bateratu bat turismoa eskualde ikuspegitik kudeatzeko. «Horrela, toki handiago batean sartuko lirateke turistak, eta erosoagoa izango litzateke».
«Lan egiten dugu turismoa erakartzeko eta Getxo helmuga turistiko moderno eta berritzailea izateko»
GETXOKO UDALA
Getxok, berriz, esan du herritarrek ontzat hartzen dutela turismoa. Gehitu du, halaber, iaz egin zen inkesta baten arabera, hiru herritarretik bik (%64,4) uste dutela turismoak lagundu egiten duela garapen ekonomiko eta kulturalean, eta hamarretik zazpik uste duela turismoak ez duela eragin negatiborik herritarren bizi kalitatean.
Etxebizitzak eta turistak, etengabeko galdera
Turismoak areagotu egin du herri batzuetako etxebizitza arazoa. Gero eta etxe gehiago daude turistentzat, eta gutxiago bertako herritarrentzat. Alkateek badakite turismoak eragina duela etxebizitza bat lortu nahi duten herritarrengan, eta, horregatik, neurriak hartu dituzte. Zumaian 37 etxe turistiko daude legeztatuta; Lekeition, 94; eta Hondarribian 200 inguru dira.
Dena dela, datu horretatik kanpo ere badaudela gehitu du Aldazabalek: «Legez kanpo askoz ere gehiago daude». Lekeition nabarmen igo da salgai eta alokairuan dauden etxebizitzen prezioa. «Kanpotik datozenak prest daude prezioak ordaintzeko, eta lekeitiarrentzat ezinezkoa da», azaldu du alkateak. Berdin gertatzen da Hondarribian ere. «Etxebizitzaren arazoa aspalditik dator. Hondarribiar asko herritik kanporatuak izan gara ez dugulako baliabiderik».
«Bisitari kopuruak gora egin duen arren, merkataritzan ez dute hainbeste kontsumitzen jada»
IGOR ENPARAN Hondarribiko alkatea
Apartamentuak, bigarren etxeak edota aparkalekuak. Bai Lekeition, bai Hondarribian, nabaritu dituzte ondorioak. «Iazko uztailaren lehen erdian, hotelak hutsik egon ziren, baina turistak egon bazeuden. Etxe turistikoen fenomenoak eragina du turismoaren ekonomian», esan du Aldazabalek. «Autokarabanan etortzen direnek eztabaidak izan dituzte bizilagunekin», azaldu du Enparanek.
Euskal nortasunari eutsi nahian
Nahi edo ez, lau herriak helmuga dira turistentzat. Lekeitioko eta Zumaiako alkateek berretsi dute sare sozialek eragina dutela. «Sare sozialetan uhartearen [San Nikolas] argazki bat ikusi dutelako etortzen dira; zalantza dut gure kulturarengatik ote den», esan du Aldazabalek. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie euskal nortasunari eustea, eta horretan ari dira. «Beldurra ematen digu turisten etorrerarekin herriaren nortasuna galtzeak».
Hori dela eta, aukera aprobetxatzen dute euskal kultura eta izaera erakusteko. «Ekintzak egiten ditugu; adibidez, turistekin elkartera joaten gara zerbait jatera, gure kultura dugula nabarmentzeko eta etortzen denak gutxienez ezagutzeko», azaldu du Ostolazak. Enparanek Hondarribiko Euskal Jira asteburua aipatu du. «Ekitaldi sorta bat da, eta bisitariek oso modu aberasgarrian jasotzen dute».