Martxoaren 3ko sarraskia gogoan
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER GERTATU ZEN?
17:10 ziren, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko Zaramaga auzoan. Hilabete luzeetako protesten ondoren, hirugarren greba eguna zen Arabako hiriburuan: enpresetako langileek, ikasleek, irakasleek... bat egin zuten deialdiarekin, eta jende ugari atera zen kalera, lan baldintza hobeak eskatzeko. Protesten artean, San Frantzisko elizaren barruan bilduta zeuden milaka langile, eta orduan gertatu zen sarraskia: Espainiako Poliziak negar gasa bota zien, bertatik aterarazteko. Langileak bertatik atera nahian ari zirela, poliziak tiroka hasi ziren: bost langile hil zituzten, eta ehundik gora zauritu. Asteartean 50 urte beteko dira sarraski hartatik.
2. ZER EGINGO DUTE URTEURRENARI LOTUTA?
Martxoaren 3ko memoria elkarteak urtero gogoratzen du egun horretan gertatutakoa. Aurten ere halaxe egingo du, 50. urteurrena dela kontuan hartuta. ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin batera egin du deialdia. 17:00etan egun hartan hildako eta zauritutako langileei omenaldia egingo diete monolitoaren ondoan, eta 18:30ean, berriz, manifestazio bat egingo dute Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazaraino, sarraskia gogoratzeko.
3. ZEIN ZEN TESTUINGURUA?
1970eko hamarkadan gertatu zen sarraskia; langileak antolatzen hasiak ziren, ez baitzegoen greba eskubiderik, manifestazioak egiteko eskubiderik edo langileak bildu eta antolatzeko eskubiderik —Francisco Franco diktadorea 1975ean hil zen—. Horren erakusgarri, 1974an sortu zuten Gasteizko Langile Koordinakundea, lantegi guztietako langileak elkartu eta haien eskubideen eta lan baldintzen alde borrokatzeko. 1976 hartan, urtarrilaren 9az geroztik zeuden Forjas Alavesas enpresako langileak greban, eta beste 30 bat enpresak ere grebari ekin zioten, langileak elkarrekin koordinatuta zeudela. Testuinguru horretan gertatu zen sarraskia.
4. ERREAKZIOAK
Arabako Gobernu Zibilak adierazpenak egin zituen biharamunean, eta langileen protestak kriminalizatu zituen, haien jarrera arriskutsua zela esanez, eta egun hartan Poliziak erabilitako indarkeria beharrezkoa zela justifikatuz. Horrela justifikatu zuen ke poteak, negar gasa eta gomazko balak erabiltzea, eta baita langile horiei tiro egitea ere: «Talde gatazkatsuek aurka egiten jarraitu eta poliziak behin baino gehiagotan inguratu zituztenez, beren burua tiro eginez defendatu behar izan zuten poliziek».
5. GERORA, AITORTU DUTE ZER EGIN ZUTEN?
50 urte igaro badira ere, inork ez du egindakoaren erantzukizunik hartu, eta herritarrek eta Martxoak 3 elkarteak hor diraute justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak eskatzen. M3moria. Antolakuntza. Borroka izango da aurtengo leloa: «M3moria egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijitzeko. Antolaketa, indar kolektiboa eraikitzeko. Eta borroka, eskubideak konkistatzeko».
6. ELIZA, MEMORIA LEKU
Aste honetan iragarri du Espainiako Gobernuak Gasteizko San Frantzisko eliza Biktimen Oroimenezko Zentro bihurtuko duela. «Diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren erakusgarri» izateagatik izendatu dute memoria leku, beste arrazoi batzuen artean. Oraintxe, elizan konponketa lanak egiten ari dira. Izan ere, joan den urteko uztailaren bukaeran Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza zaharberritzeko 600.000 euro jartzea onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak.
7. ETA GAUR EGUN, ZEIN DA LANGILEEN EGOERA?
Urteurrenaren testuinguruan, Martxoak 3 elkarteak, duela 50 urte gertatutakoa gogoratzeaz gain, gaur egungo egoerari ere erreparatuko dio. Izan ere, martxoaren 17rako greba orokorrera deitu dute sindikatuek, eta deialdi horrekin bat egiteko mezua zabalduko dute egun horretan, langileen eskubideak defendatzen jarraitzeko: «Orduan bezala, inork ez digu ezer oparituko; horrela, Hego Euskal Herriko gobernuek eta patronalek jarrera bateratua erakutsi dute, lan prekaritate muturrekoena pairatzen dutenen bizi baldintzak hobetzearen kontra eta gutxi batzuen pribilegioen alde».
BA AL DAKIZU?
Urteurrenaren karietara, abesti bat sortu dute: Am3ets berriak. Karmele Jaiok idatzi du letra, eta Idoia Asurmendik abesten du.
Martxoaren 3ak prentsan izan zuen oihartzuna aztertzeko, erakusketa bat jarri dute Gasteizen. Martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai.