«Langile odolez estalia». Titular horrekin eman zuen Zeruko Argia aldizkariak Martxoaren 3ko sarraskiaren berri. Azal batetik bestera, odolaren irudia nagusitzen da bitrinako argitalpenetan, egun hartako biktimak oroitzeko erabiltzen diren krabelinen kolore gorriarekin bat. «Gasteiz odoletan», irakur daiteke Gaceta Ilustrada-ren azalean. «Gasteiz: odola kaleetan», dio Sábado Gráfico agerkariak. Egun hartako tragedia islatzen duten goiburuen aurka, ordea, erregimen frankistaren gezurrak zabaltzen dituzten komunikabideen titularrak kontrajarriak dira. «Nortzuk dabiltza herrialdea suntsitzen?», galdetzen du Fuerza Nueva izen bereko alderdi ultraeskuindarraren agerkariak. «Ekintza talde sozialista eta komunisten soldatapeko pistolariak», erantzuten dio aurreko horman Iglesia-mundo astekari kontserbadoreak. «Bandaloen eguna Gasteizen», laburbiltzen du La Gaceta del Norte-k.

Era horretako eta beste askotako testigantzak bildu ditu Martxoak 3 elkarteak gaur aurkeztu duten Komunikazioa eta memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa erakusketan. Komunikazioaren profesionalekin egindako elkarlanaren emaitza da Martxoaren 3ko gertakariek garai hartako prentsan izan zuten oihartzuna aztertzea helburu duen erakusketa hori. Txema Ramirez de la Piscina kazetari beteranoak aurkeztu du erakusketa gaur, Martxoak 3 elkarteko Amaiur Arberekin batera, komunikabideen aurrean, ondoren erakusketan zehar lehen bisita gidatua egiteko. Eta bada zer ikusia Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxeko korridoreetan, garai hartako albiste dantzak eta ikuspuntu kontrajarriek gaur egungo polarizazio eta berri faltsuak ekartzen baitituzte gogora.
Egia estalia, argitara
Ukazioaren indarrak harrituko du askotan ikuslea. Horman ageri da El Correo Español egunkariak 1976ko martxoaren 9an argitaratu zuen editoriala. «Nortzuk dira errudunak?», galdetzen zuen, Fuerza Nuevaren itaunei oihartzun eginez. Berriz ere, galdera erretorikoak ez du irakurlearen erantzunaren beharrik: «Diruz ondo puztutako subertsioaren aktibistak, sutsuki bilatzen dutenak gatazkak odolarekin amaitzea». Odola, erantzukizuna azpimarratzeko baino, errua estaltzeko, oraingoan.
«Egiaren etsai handiena ez da gezurra, desmemoria baizik»
TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINA Kazetaria
Ukazioen gainetik, komunikabideen manipulazioaren sotiltasunak suminduko du behatzaile fina. Egun horretan hildako langileen izenik ez da ageri lehen panelean ikus daitekeen El Correo Español-en Martxoaren 3ko azalean; bai, ordea, zauriturik suertatu zen poliziarena. Prentsa ofizialaren ukazioaren aldean, nazioarteko egunkarien salaketa nabarmenagoa da, egia azalera ateratzeko protesta. Hor daude The New York Times estatubatuarra, Pravda sobietarra eta Libération frantsesa, gertakariak salatzen dituzten eta Arias Navarroaren gobernuaren ustezko «liberalizazioa» zalantzan jartzen duten titularrak dakartzatela.

Hala ere, tokiko prentsa klandestinoaren ahalegina da erakusketaren puntu hunkigarrienetako bat, eta hasieran bisitariari ongietorria egiten dion inprenta klandestinoa, haren sinboloa. «Miranda Ebroko ogi fabrika batean zegoen, ezkutuan», azaldu du Ramirez de la Piscinak. «Fabrikaren zarata aprobetxatzen zuten inprentarena ezkutatu eta panfletoak inprimatzeko». Ezkutuko egia argitara ekartzeko egindako ahalegin klandestino horietatik ba omen da zer ikasia. Izan ere, Ramirez de la Piscinak azpimarratu duenez, «egiaren etsairik handiena ez da gezurra, desmemoria baizik». Desmemoria horren aurka, sei astez izango da ikusgai erakusketa, martxoaren 31ra arte. Asteazkenero egingo dituzte bisita gidatuak.