Miren Amuriza.
BIRA

Idiotak

2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gidabaimenaren atal teorikoa lehenengoan eta praktikoa hirugarrenean gainditu zuen txofer klasea naiz: biribilguneetan eta aldapa goretan kotxea kalatzen zaionetakoa (bakarrik nabilenean askotan, kopilotuarekin beti); autopistan erdiko karriletik joaten dena, badaezpada, bidebanatzeetan ez erratzeko; aparkatzean (literalki) izerditzen denetakoa. Lehen, atzekoek presionatzen nindutenetan, alde egiten nuen ilaratik harik eta azkenean, militantziagatik, maniobrak egiteko behar beste denbora hartzea erabaki nuen arte. Gorroto dut aparkatzen ari denari bozina-joka hasten den, zareten, jende klasea; autopistan ordainlekutik 500 metrora besteak aurreratzen dituena; istripuetan madarikatu ohi dena; norberak baino azkarxeago gidatu eta ozenxeago hitz egin dezakeela uste duen jendea.

Baina axolagabe samarra ere banaiz: ohean edo dutxan galdutako minutuak, bidean berreskuratu izan ditut sarri (kamioilari, autobus, ziklista eta Land Rover zaharrengatik biraoka); aldatu izan ditut CD-ak gidatzen ari naizela; mugikorra, ai, mugikorra... Utzi izan diet joaten, baldintzarik onenetan egon ez arren, kotxea hartu duten lagunei eta barre txikia egin gidabaimena kendu dietela azaƱatzat kontatzen dutenei. Inozoak gu, segundo batean bizitza hankaz gora jar diezagukeela jakinik ere, arreta, abiadura, errepidea desafiatzen ausartzen garenak. Inozoak gu. Ez, inozoak ez, idiotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.