urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Islandia

2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Reykjaviken geunden, berrehun idazle baino gehiago. Hiru ginen euskaldunak: Lutxo Egia lagun zaharrak agurtzen eta Islandiako liburutegian baleazaleen islandiera-euskara eskuizkribua bilatzen; Itxaro Borda jende-multzoan galduta, beti bezain ipurterre, batera eta bestera horrelako lekuek ematen duten aukera baliatzen, Vietnamdik Afrikara mundu osoko sortzaileekin harremanak sortzen, eta neu, espedizioko hirugarren partaide.

Sjon, Islandiako idazle garrantzitsuenetakoa egun (eta PEN Islandiako burua, eta Bjork-en adiskide eta hainbat kanturen hitzen egilea), berehala etorri zitzaigun euskaldunak ginela jakindakoan. Hurrengo egunetan, Euskal Herriaren inguruan antolatutako taldetxoa ezagutu genuen, Galiziatik Islandiara bizitzera joandako mutila tartean. Azken urteotako eleberri arrakastatsuenetakoa idatzi zuen Sjonek 1615eko euskal baleazaleen sarraskia aintzat hartuta, erabaki haren aurka Jón Gudmundsson «Jakintsuak» idatzitakoetatik abian. Zurrumurruek jendea jendaila bihurtzea eta erru guztiak arrotzari egoztea ez da gaur goizeko kontua. Eta egunen batean Mediterraneoan gertatzen aridiren sarraskiak ere antzera aipatuko dituzte.

Baina Islandiara etorrita, ekitaldi berezia antolatu dute egunotan 1615eko gertakariak gogoratzeko. Ameriketako indigenen genozidiotik esklabo-trafikora edo Holokaustora (edo datorren astean gogora ekarriko dugun armeniar genozidioa), Islandian duela lau mende egondako euskaldunen sarraskiak leku txikia dauka konparazioan. «Baina oso gogorra egiten zaigu, beti izan gara herri zapaldua, biktimak, eta hor baino ez gara izan geu kriminalak» esan zigun idazle gazte batek.

Kanadak legez, Islandiak ere interes handia dauka Euskal Herriarekiko, gure itsas-ondarearekin batez ere. Atlantikoak batzen gaitu gaur egun diren herrialde interesgarri eta aurrerakoienetara. XX. mendean estatu gisa antolatu diren lurraldeak dira, demokrazian esperimentazioan gehien egin dutenak, herritar guztien neurrira antolatutako estatu-eredua sortzeko gai.

Islandiak mendebaldeko Europan sortutako azken estatua izateko zoria du. Danimarkako erresumatik bereizita, naturaren apeten menpe zegoen nazioak estatu aberatsa sortu zuen… baita gizon gutxi batzuek —bai, gizonak denak— hondora eroan ere. Eta hor ere altxatzen asmatu dute.

Islandia bestelako motibo batengatik ere bazaigu interesgarri: hirurehun mila hiztuneko hizkuntza bat erabat normalduta bizi daitekeela frogatu dute. Iaz Katrin Jakobsdottir kultura ministro ohiari egin nion elkarrizketa, eta une batean galdetu nion ea islandiarrek —munduan liburu gehien irakurtzen duten nazioetako bat izanik— jotzen ote zuten beste hizkuntzetara, ingelesera edo behinolako metropoliko danierara, islandieraz ez zeuzkaten lanak ezagutzeko. Ezetz esan zidan. «Asko itzultzen dugu islandierara. Politika indartsua dago horretan. Asko dira jatorrizko hizkuntzan irakur dezaketenak, baina islandieraz irakurtzea maite dugu, besteak beste, itzultzaileek zein lan egin duen ikusteko. Itzultzailea gure panorama kulturaleko zati da, oso estimatua literaturan. Umeekin adibidez, garrantzitsua da Harry Potter eta beste hainbat gauza islandieraz egotea. Umeek maite dute eta, are garrantzitsuago dena, irakurri egiten dute. Ez da literatura soilik itzultzen, baita eremu teknologikoan ere; bideojokoak, adibidez. Gazteen intereseko den guzti-guztia, islandieraz izan behar dugu». Esango nuke Euskal Herrian ere badugula politika hori, teorian. Baina ez dugu asmatu metropoliaren makulua kentzen. Oso erosoa da espainieraren eta frantsesaren tamainako hizkuntzek eskaintzen digutena. Horixe dugu alde handiena euskarak dituen hiztunen erdiak ere ez dituen islandieraren aldean. Islandiarrek euren hizkuntzan irakurri dute Gunter Grass. Islandieraz Greyren itzalak.

Katrin Jakobsdottirrek ziostan euren gobernuak genero-ikuspegitik kristalezko sabaia apurtzen asmatu zuela. Gobernu-bilera eten, familiarekin afaltzera edo umeak loakartzera joan, eta gauez jarraituko zuten behar izatera, lanak eta familiak, bi eremuek uztargarri behar zutela argi izanda. Hizkuntzaren kristalezko sabaia ere agerikoa da gurean, zerutik hurbilen ditugun arnasguneetan bereziki. Han ere, BERRIA gustuko ez duenak erdaraz irakurtzen baitu egunkaria, erdaraz ikusi telebista, eta zinema Bilbon bezain erdalduna baita arnasguneetan. Islandian ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.