andoni egana
PLAZATIK

Ertzak

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Behin hala bota nion ezagutzen dudan bertsolari handienetariko bati, bere garaipen baten ostean: bazuela puzzleen antza. Ertzetatik abiatuta bukatu zuela erdigunean. Arantzatxoa geratu zitzaidan. Ez nekien nire esamodua ez zen izan behar bezain egokia edo entzulea zen konparazioak despistatuta harrapatu zuena. Lehenengotik gehiago izango zuen segur aski bigarrenetik baino. Nolanahi ere, puzzleak eginzalea naiz eta iruditzen zait baduela puzzleak eraikitzeak bizitzarekiko ikasgai bat, sakona. Puzzlea osatzekotan —pieza kopuru handikoa bada bederen— ertzetatik dago hasi beharra eta gero joko duzu apurka, ertzetan eraikiaren laguntzaz, erdigunera. Hobe lukete gure agintariek ere jarduera klase hori eredutzat hartu. Ertzekotik hasi behar lukete —lurraldeari dagokionez, generoari, ekonomiari, hizkuntzei, identitateari...— eta hartara erdigunera iristerako izango lukete jendartearen berri, zuzenean erdiguneari mokoka hasita baino askoz ere gardenago.

Aste honetan ertzetatik hastea jarri dut praktikan aktualitate diren pare bat konturi begiratzean. Madrilen PPko agintariek justiziaren aurrean dituzten arazoek noiz barremurritxa ostu noiz odola mingostu egiten diguten garaiotan, polizia operazioen izenei erreparatu diet estuen, harridura sortu baitit, nork eta poliziak, sekretua babeste aldera azaldu duen hitzekin jolasean aritzeko joerak. Operazio bati Gürtel izena jarri zioten alemanez gürtel delako horrek gerrikoa esan nahi duelako eta Correaren atzetik zebiltzalako. Granada mota baten izen zientifiko latinezkoa da nonbait púnica eta Granados zelatatzen ari zirelako izendatu zuten horrela. Eta orain, Lezo operazioaz mintzatu zaizkigu behin eta berriz, pentsatzekoa denez lezoarrak tximetaraino jarriz, norbere herriaren izena hainbeste aldiz eta kontu narras horietan katigatua entzuteak ez baitu grazia handirik egingo. Kasu honetan ez da ez gerriko ez fruiturik izendapenaren arrazoiaren oinarrian. Marinel militar bati, Blas de Lezo zeritzanari, zor dio operazioak izena, Ameriketako Cartagenaren defentsan aritu baitzen hura, eta hiri berean grabatu baitzuten Ignacio Gonzalez azpilanetan.

Ertzetatik hasteari men eginez, militar honen bizitzaren berri jaso dut Wikipedian. Ez naiz ur handitan sartuko. Nahiago dut ertzeko kontuei erreparatu honi dagokionez ere. Harritu egin naiz Blas Lezokoa Pasai San Pedron jaioa zela irakurtzean. (Ez fio inoiz hitzek diotenaz). Ahoa bete hortz geratu naiz Espainiako Armadan hamabi urterekin sartu zela, lehen borrokaldi gogorra, betirako herren utzi zuena, hamabost urterekin izan zuela eta hamazortzirako Armadan goi-karguak zituela jakitean. (Nerabezaroa eta gaztaroa geroko inbentua dira nonbait). Ehunka borrokaldiren ondorioz herren, maingu eta begibakar, egurrezko mahai baten aurrean hurrengo borrokaldirako estrategia prestatzen ari zela, bonba batek mahaia jo eta mahaiaren printzek sorturiko zauriak zornatzean hil zen (sekula ez da jakiten azken unea ze eratan iritsiko den).

Eta ertzetara begiratze horrek menpekotasuna sortzen duenez, hala begiratu diet Urkullu Lehendakaria Auschwitzen agertzen duten argazkiei ere. Ostiraleko BERRIAko lehen orriko argazkiak ez du misterio handirik. Lehendakaria Gernikako Arbolaren kimu aldatu berriaren aurrean zutunik. Atzealdean berriz, ikasle sumatzen diren gazte mordoxka bat, neskak gehiago mutilak baino. Hotz egingo du segur aski Lehendakaria baita burua babesik gabe daraman bakarra. Halere, ertzik gabeko argazkia. Laugarren orrialdeko argazkian, ordea, kimua landatzen Instituzioetako beste ordezkari batzuekin batera, makurtuta ari da Urkullu eta argazkiaren ertzean, lehengo argazkian gazteak baino ikusten ez ziren lekuan, dozena bat militar (edo) agintarien ekintzari so. Ez zaie armarik sumatzen baina uniformaturik daude, txapela berdeak buruaren eskuinalderantz jausiak. Auschwitz eta Gernikaz gogoratzea ongi iruditzen zait; bakea, bizikidetza eta giza eskubideak mundu osoan sustatzea ezinbesteko. Horrexegatik, ertz horrek -eskuineko ertzak hain juxtu- gune behar lukeenari kalte egiten diolakoan nago. Tira... akaso neu naiz begirada gaiztotua duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.