Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Gorputzekin

2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Eguzkia atera da irratia piztu dudanean. Kafea nahasten ari naizenean, entzun dut Guardia Zibila Kataluniako Generalitatearen deprtamentuetan eta egoitzetan sartu dela. Hamalau atxilotu, hogei bat ikerketapean, 41 miaketa. Egun bat baino gutxiagoan.

«Gorputza hilik utzi eta egin irribarre». Egun osoan mezu horren xuxurla dabil, sare sozialetan, ahotik belarrietara. Milaka gorputzek hartu dituzte kaleak, erresistentzia kolektibo baketsu bat egiteko prest autodeterminatzeko eskubidearen alde. Baina. orain, baita elkartzeko eskubidearen, adierazpenekoaren, informaziokoaren, antolatzekoaren eta pentsamendukoaren alde. Hainbeste dira bertan behera utzitako eskubideak, atzo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan «askatasuna» oihukatzen zen. Jendea Guardia Zibilaren autoen gainera igotzen da, kartelak jartzen dizkie —debekatutako kartel horiek—, krabelinak uzten ditu eta Votarem! egiten du oihu.

Kalean bertan, oldarraldiari eusteko determinazioa, oraingoz, argia da. Nuria Gibert CUPekoak, Polizia Nazionalak mehatxupean duen egoitza batetik ohartarazten du sartu nahi badute, haien «gorpuen gainetik» izan beharko duela. Askotariko gorputzek betetzen dute Casp kalea, Estatuak independentistak eta ala ez direnak elkartzea lortu duen tokia, libertarioak, sindikatuak, abokatuak, kooperatibistak, zaharrak eta gazteak, CUPeko diputatuak eta Podemekoak. Askotariko gorputzakordutan itxoiten, ziurtasunarekin, aurpegia estalitako polizia batzuek goizean ahaztu zuten agindu judizialaren zain.

Polizia Nazionalak kalea itxita badu ere gomazko baladun eskopetekin —parlamentuak debekatutakoak—, jendea bizitzaz ari da hizketan. Iritziak eta elikagaiak partekatzen dituzte, eta konplizitatez begiratzen diote elkarri, «kalea beti gurea izango da» oihukatzen dutenean.

Duela bost egun, Mariano Rajoyk ohartarazi zuen: «Nahi ez dugun tokiraino joatera behartuko gaituzte». Iritsi ote dira dagoeneko? Asko faltako al da iristeko Kataluniako herriak behartuko dituen tokiraino? Hamar egun falta dira oraindik erreferendumerako; errepresioa azkar areagotu da. Ikusteko dago gorputzak prest ote dauden hilik utzi eta irribarre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.