Estatus politikoari buruzko galdeketak. Biharamuna. ANALISIA

Horizontaltasuna

Herritarrak boza emateko ilara egiten, joan den igandean, Azpeitian.
Herritarrak boza emateko ilara egiten, joan den igandean, Azpeitian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2016ko ekainak 7

Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Gainera, azterketa kuantitatibo baterako kontuan hartzekoa da igandeko kontsultak ez zirela instituzionalak, behin betikoak eta lotesleak; prozesu independentistarik eta indar politiko abertzaleen arteko elkarlanik ez dagoela; euskal estatuaren kontrakoek ez dutela bozkatu eta polarizaziorik ez dela egon; kanpainak plataforma amateurrek antolatu dituztela eta aurrekontu txikia eduki dutela; gaia hedabide nagusietan ez dela izan; edota parte hartzearen kultura oraindik ere ez dela aski zabaldua eta errotua. Hala ere, ia %30eko partaidetza egon da. Agendan dago gaia.

Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan. Ordizian %22,9koa izan da partaidetza, Beasainen %21,1ekoa, Legazpin %20,9koa, Urretxun %20,6koa eta Zumarragan %13,4koa. Debagoienean, galdeketa denetako herri nagusikoa izan da datu txikiena: Arrasatekoa, %23,5koarekin. Udalerri handien artetik Azpeitiak eman du mailarik onena, %39,3ko parte hartzearekin ?ia bost mila boto?.

Joseba Egibarrek orain dela ia hiru hilabete ETB1en Goierriko prozesua laudatu zuen: «Goierrin galdera zein izan behar den eztabaidatzeko prozedura desberdina da Debagoienean eta Azpeitian egin diren proposamenekin alderatuz. Debagoienean eta Azpeitian, adibidez, zuzen-zuzenean independentziaren galdera dago, eta nik uste Goierrikoa oso egoki zuzenduta dagoela, gizartearen parte hartzea bilatu nahi delako». Galdeketa batean parte hartzea sustatzeko modu desberdinak daude. Haietako bat bada galdera adosteko prozesua. Izan daitekeen bezala ekitaldiak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzea; baina halakoek irismen laburra dute, ez baitira masa batera heltzen. Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoa izan ohi da, formatu desberdinak jorratuz, azpiko lana eta ahoz ahokoa, jende xeheari inplikazioa eskatze hori; eta arlokako azterketa egiteak ere onurak ekar ditzake, gaia fokalizatu eta etekina lortzeko. Hori galdeketa hauetan batzuek hobeto edo gehiago landu dute, eta emaitzetan ikusi ahal izan da.

Egibarrek ere arrazoi du esaten duenean galdeketena ez dela «egun bateko konpromisoa», baizik eta «ibilbide bat». GBBko buruak dio proiektu politiko bat beharko dela, gero hautetsontzietara eramateko, eta horretarako herritarren konpromisoa nahitaezkoa izango dela «erabakitzeko eskubideak etorkizunik edukiko badu». «Ibilbidea» prozesu modura ikusten bada, herri galdeketen egitasmo honek ona dauka hurrengo olaturako ?2017ko udaberria? oraingo kontsulta sortako neurri interesgarriak sendotu daitezkeela, eta hobetu beharrekoak, hobetu. Handia da erronka: «2018an galdeketa ez-erreferendatzailea egon dadin lan egiten ari da Gure Esku Dago» (Mario Zubiaga, BERRIA).

Burujabetza ariketa dira galdeketak. Joseba Azkarraga Etxagibelek orain bi urte Enbata-n idatzi zuen «botere-eraikuntza prozesu amaigabea» dela burujabetza, «continuum bat da, graduala». «Constructo konplexu gisa» ere ulertu behar dela zioen; «ez dagokio soilik alderdi politiko-instituzionalaren eraikuntzari. Burujabetza norabide guztietan indar berarekin aldarrikatzean datza kontua, eta horretarako estrukturak eta estrategiak sortzen gaur bertan has gaitezke». Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan... Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du ©Iñigo Uriz

Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Berria

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Familia batzuk kanpoaldetik egoiliarrak bisitatzen, Mutiloako zahar etxe batean. ©Jagoba Manterola, FOKU

Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Protokolo berria indarrean, zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, “ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa” hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.

Arrauntzeko eskola. Artxiboko irudia. ©Bob Edme

Miarritzeko Andre Maria eskola hetsi dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Irakasle batek positibo eman du PCR proban. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du eskola hestea.

Boris Johnson, rresuma Batuko lehen ministroa, gobernu bilera baino lehen./ ©Neil Hall, EFE

Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna