enekoitz esnaola
ANALISIA

Legezkotasuna

2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
U ztailaren 15ean hamar urte beteko dira Josu Jon Imaz EAJren EBBko orduko presidenteak No imponer, no impedir (Ez inposatu, ez eragotzi) artikulu esanguratsua idatzi zuenetik Vocento taldean. Praxi politikoaren emaitza: eragotzi, Espainiako Estatuak. Kasik hamar urtera, gehien-gehiena eragotzi-tik duen pieza bat idatzi du Josep Antoni Durani Lleida CiUko buru ohiak El País-en: Esto va de democracia (Demokrazia da hemen kontua).

EBBren Elkarbizitzarako bake-bideak dokumentuan (2005-10-10) oinarritu zen Imaz. Espainiako Kongresuak EAEko Estatutu Politiko Berriaren proposamenari kolpe bakar batez atea itxi ondotik aurkeztu zuen EAJren zuzendaritzak agiria, eta ETAk su-etena hautsi berritan argitaratu berea Imazek. Batetik, «Euskadiko» akordioa eskatu zuen Imazek, eta itun horrek Gernikako Estatutuak baino gehiengo handiagoa izatea ere bai; «sentsibilitate eta tradizio politiko desberdinen arteko akordioetara behartzen gaitu (ez inposatu)». Ez eragotzi, berriz, ondoren «estatuarekin ituna» egitea litzateke, eta Gorte Nagusietan tramitatzea eta erreferenduma egitea —EBB, 2005: «Debekua saihestea»—. Imaz: «Hiru irizpide beteko lirateke horrela: euskalherritarren borondate demokratikoaren errespetua, euskal gizartearen aniztasun politikoari errespetua eta indarrean den esparru juridikoa oinarri hartutako legezkotasun printzipioa». Ondorioa: «Formularik demokratikoena eta integratzaileena onartzen da, beraz, irizpidetzat».

Joan den maiatzaren 22ko artikuluan, Kataluniako prozesua hizpide zuela, Duran i Lleidak aitortu zuen «Espainiak egun duen arazo politiko nagusia» ez dela konponduko legea soilik erabilita, baina, funtsean, prozesu subiranistaren izaera eta bidea deitoratu zituen: «Independentismoak zilegitasunarekin nahasten du legezkotasuna, eta legearen gainetik den balio modura aurkezten du demokrazia. Bada, demokraziarik ez dago legeari errespeturik izan gabe. Are gehiago: legezkoa ez dena, ez da demokratikoa. Egon daitezke demokraziarik gabeko zuzenbide estatuak, baina sekula ez zuzenbide estaturik gabeko demokraziak. Gure demokraziaren arkitektura legala [Espainiako] konstituzioan diseinatuta dago».

Carlos Garaikoetxea EAko presidente ohiak Imazen idatziari erantzunez zioen PSOEri eta PPri betorako eskubidea ematea zela. Ikusi zen hori Ibarretxe planaren (2005) eta EAEko Kontsulta Legearen (2008) kasuetan. Madrilek ezezkoa emanda, EAJk ez zuen gaitasunik izan aurrera egiteko, edo ez zuen baldintzarik erein edo ikusi, edo ez zioten utzi, edo, aukerarik errealena, EBBk ez zuen nahi izan. Euskal gizarteak ez zuen bultza egin. Madrilek berdin jarraitzen du. EAJ, berriz, ez da Ez inposatu, ez eragotzi-tik aldendu. Esaterako, maiatzaren 17an Iñigo Urkullu, Euskadi Irratian, «printzipio demokratikoa eta legezkotasun printzipioa uztartzeaz» aritu zen. Nola uztartu? «Hitz egin behar dugu». Aldiz, Katalunian izan da mentalitate aldaketa bat, Madrilen debekuak debeku prozesu subiranistan aurrera eginda.

Badago beste alde handi bat. CiU hautsi zenez geroztik, katalan herritarrek bizkarra eman diote Duran i Lleidaren Unio alderdiari: 2015ean Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan Uniok botoen %2,5 baino ez zuen lortu, aulkirik batere ez. Aldiz, EAEn herritarrek EAJ babesten dute gehien: Eusko Legebiltzarrerako iazko bozetan %37,6, kasik 400.000 boto, 28 eserleku.

Bideak bide eta xedeak xede, EAJk eta EH Bilduk kontsulta abilitatzailea proposatu zuten EAEko azken bozetan. Ordea, horretarako ere baimena Madrilek eman behar du. Nola hautsi dinamika hori? Nola gauzatu tokian tokiko herritarren borondate demokratikoa? Katalunian legedi propioa eratu nahi dute urriaren 1ean erreferenduma egin ahal izateko. Gure Esku Dago-k gaur Herritarron Itunaren aurkezpenean izaera horretako ideia bat jasoko du. Azken lau urteotan ikusi da haren kontzeptuek bidea egiten dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.