Damutuak

Fernando Lizeaga,, Ziortza Fernandez Larrazabal, Jon Beaskoa, eta Sendoa Jurado
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan izan genuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak burutu duen eztabaidaren inguruko emaitzen berri, eta konta ezinak dira ordutik hona horren aurrean sortutako erreakzioak eta deklarazioak. Kolektiboak onartutako proposamenak ontzat emango du, hemendik aurrera, preso bakoitzak aukeratu ahal izatea zein urrats egingo duen espetxe legediaren aurrean onurak lortzeko orduan.

Guk pentsatzen dugu EPPK-k irakurketa politiko bat egiten duen neurrian, zilegi dela kritika politikoa ere egin ahal izatea, erabakiak izan ditzakeen ondorioez ohartaraztea eta preso politikoen batasunaren kalterako izango dela eta, ondorioz, haien babesgabetasuna handituko duela esatea.

Ez da hori, ordea, idazki honen helburua, izan ere horrelako irakurketak egiteko aukera eduki baitugu lehenago eta edukiko baitugu etorkizunean ere, jarrera politikoak ez direlako egun batetik bestera finkatzen, denboran luzatzen diren dinamiken bidez baizik. Kezka handia sortu digute batzuek, gehienetan anonimotasunetik eta sare sozialen bitartez, EPPKren zuzendaritzaren proposamenari «baiezkoa» eman zioten presoen aurka zabaldutako hainbat mezuk: «damutuak», «221 preso arrunta gehiago», «traizioa»...

Eztabaidaren parametroekin ados egon ez arren (2012an hasitako presio kanpaina, komunikabideen jokabidea, kalean konfrontazio ideologikoa saihestu izana kaletik eztabaida baldintzatzen zen bitartean, espetxeko gradu sistema ez ezagutzeko blokeo informatiboa...), ezin dugu gure patio-kideak izan direnen aurkako antzeko erasorik inolaz ere onartu.

Ezin dugu ahaztu haietako batzuk, gaur egun desadostasun ideologikoak izanda ere, gure sostengua izan direla kartzelan egon garen bitartean, etsaiaren aurrean gurekin batera plantoak, gose grebak, itxialdiak eta beste hainbat ekimen burutu dituztenak direla, une gogorretan guregatik kezkatu direnak. Ezin dugu ahaztu haietako asko urte mordo daramatzatela preso edota kondena luzeak dituztela betetzeke, eta inoizdamutu ez denari ezin zaiola damutua deitu.

Bestetik, ez zaigu bidezkoa iruditzen egungo egoeraren ardura nagusia beraien bizkarrean jartzea ezta hain modu zorrotzean epaitzea. Baiezkoa eman duten presoen artean badago konbikzio osoaz eta ilusioz jokatzen duenik, badago pelikularen amaiera gustuko izan ez arren puntu honetara helduta ontzat eman duenik, badago bere indarren mugara iristen ari denik eta damutu gabe beste bide batzuk jorratu nahi duenik. Edozein kasutan, damutzen ez den inor ez da damutua.

Ez dezagun bilatu egoeraren ardura katebegi ahulenean, benetako arazoa kalean baitago. Ez bagara gai herri mugimendua indartzeko, egoera honek ez du bueltarik izango. Ezin diegu presoei eskatu guk egiten ez dugun ahalegina, ezin diegu presoei gehiago eskatu herri mugimendua indartzeko behar bezainbeste egiten ez dugun bitartean. Inork ez zukeen ausardiarik izango presoei espetxe legedia onartzea eskatzeko kalea pil-pilean mantentzeko gai izan bagina 2009a eta gero.

Amnistiaren aldeko borrokari dagokionez, mundu guztiari eskatuko geniokeena bere ekarpena antolakuntzaren bitartez egitea da. Proiektu hau aurrera ateratzeko ez da nahikoa bizkarrean zaplada ematea, ezta urtean birritan edo hirutan manifestatzea. Potentzialtasun handiko apustua egin dugula ziur gaude, baina bizi dugun egoera zailean ekarpen konstruktiboek berebiziko garrantzia hartzen dute. Hori zor diegu gugan konfiantza jarri duten guztiei, batez ere haien babesa modu publikoan eman diguten errepresaliatu politikoei eta, oso bereziki, Kolektibotik kanpo dauden lau presoei, haien kemena gure indarra delako, gure indarra haien arnasa delako.

Hasi garen moduan bukatuko dugu, kritika politikoa zilegi dela esanez, eta norbaitek kontra egin nahi badigu argudioak eman beharko dituela baieztatuz. Baina ez dezagun perspektiba galdu, eta Estatuak preso, deportatu eta iheslari politikoei puntilla emateko ahalegin berezia egiten ari diren honetan, beraiekiko errespetuz joka dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.