Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Benetakotasuna

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Benetakotasuna

 

2017-07-25 / Goizalde Landabaso

Dena aldatzen ari da. Bizkor baino bizkorrago. Gure alde zaharretatik osteratxua eman, eta atoan jabetuko zara zerbait falta dela. Beste hirien gero eta antzerakoagoak dira, gara. Denda batera sartu, eta ez dakizula non zauden, dena berdina iruditzen zaizula? Lasai, ez zaude oker, globalizazioaren aurpegirik okerrenak jo gaitu. Pertsonalitatea galdu dute gure hiriek. Uniformizazioa. Batzuetan, inor baino globalizatuago agertuko gara, inor baino berdinago; gure beldur omen gara, ez diezagutela aurpegiratu bereziak garela. Gu, besteak bezalakoak. Baiona Ttipitik ibili nintzen lehengoan, eta zelanbait eutsi egin diotela begitandu zitzaidan; ziurrenen, bertakoren batekin solas eginez gero, esango dit hagitz aldatu dela. Baina alde zahar guztietatik gutxien aldatu dena dela esango nuke. Zaharra dena baztertzen da, zahar den orok izutu egiten du gizarte hau. Vintage den hori ere ametitu egiten dugu, berriegia delako. Autentikotasuna galtzen ari gara.

Bilbon baziren eutsi egiten zuten gotorlekuak; bat aspaldiko taberna bat zen. Musika bikaina, giro ezin hobea, afaltzeko aukera zoragarria, garagardoak edateko aproposa, kokagune ona… itzel maite izan dut beti taberna hori, nire bizitzaren geografia egin nezake taberna horretatik abiatuta. Zazpikaleetako azkenengoetarikoa. Duela egun batzuk, berriztatura sartu nintzen, eta sentimendu arrotz batek harrapatu ninduen. Musika ezberdina, garagardo kutuna desagertuta… Gauza (eta pertsona) autentikoak maite ditut, ez simulakroak; eta simulakroz bete zaigu hiriaren bihotza. Dagoeneko, ez gara gu, besteak gara. Ruth Glass soziologoak asmatu zuen gentrifikazio berba 1960ko hamarkadan. Batzuk sormenezko suntsiketa deitu diote hirietan egiten ari direnari. New Yorken eta Berlinen ere pasatzen ari da, Londresen eta Bartzelonan. Baina han ez zegoen taberna hura, taberna berton zegoen, eta dagoeneko, ez dago.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak