Lan osasuna

Langile bat hil da Portugaleten, eraikin batetik erorita

Iruñeko epaitegi batek obra bateko lau arduradun zigortu ditu, 2019an langile baten heriotza eragin zuen istripuaren erantzule izan zirelako.

Lan istripuen aurkako kontzentrazio bat, irailean, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 23a
14:08
Entzun

Langile bat hil da gaur goizean Portugaleten (Bizkaia), bost solairuko etxe bateko teilatutik erorita, hogei metro inguruko altueratik. Beharginak 45 urte zituen, R.P.L. zuen izena, eta teilatuko hodia konpontzeko lanak egiten ari zen Bravo Lanak S.L. enpresarentzat. Anbulantziak joan direnerako, R.P.L. hilik zegoen. Gehiengo sindikalak ostiralean Portugaleteko San Roke plazan biltzeko eta segurtasun neurrien eskasia salatzeko deia egin die herritarrei.

ELAren eta LABen zenbaketaren arabera, aurten lanean ari zela Euskal Herrian hildako 57. behargina da. Aurreko biak «ez traumatikoak» izan dira: atzo hil zen Donostiako Argilun Iluminacion S.L. 53 urteko J.M.A.O., eta azaroaren 19an, berriz, Donostiako Barcelo Costa Vasca hoteleko 63 urteko G.G.A. harrerako langilea.

ELAk zabaldu duenez, G.G. A. ondoezik sentitu zen gaueko txandan ari zela. Bakarrik lan egin behar ez izatea eskatu zuen, baina zuzendaritzak ez zuen eskaria aintzat hartu. Haren lankideak etzi bilduko dira heriotza salatzeko.

LABek elkartasuna adierazi die azken egunotan hildako langile guztien gertukoei, eta ziurtatu du «agerikoak» direla laneko heriotza ez traumatikoen arrazoiak: «Testuinguru soziala, non modu esponentzialean areagotu diren faktore psikosozialek eragindako osasunarazoak, medikazioa hartzea, osasun mentaleko espezialistei kontsultak egitea, eta istripu kardio edo zerebrobaskularrak eragindako heriotzak».

Zigorra Iruñean

Iruñeko epaitegiak etxe baten eraikuntzaren lau arduradun zigortu ditu, lan horretan langile bat hil zelako. 2019ko urrian hil zen Felipe Manuel Santos Oliveira, 32 urtekoa, Erripagañako Dublin kalean eraikitzen ari ziren etxe batetik erorita. Epaileak frogatutzat jo duenez, eraikuntza lanetan ez ziren segurtasun neurri guztiak bete, eta, horregatik, sei hilabeteko espetxe zigorra jarri diete obraren koordinatzaileari, Adania eraikuntza enpresako lan osasuneko arduradunari eta Construclair enpresako bi ordezkariri. Giza hilketa eragin zuen langileen osasunaren aurkako delituengatik zigortu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.