Magia Gernikan

Kaixo Jon

Zer moduz Danian (Florida)?
Pilotalekua itxi zela badira hiru hilabete. Badakit entseguak egiten ari zaretela forman jartzeko. Hain zuzen, hiru aste barru txapelketa garrantzitsua duzuelako.

Zeinek esan, eh!? Negar malkoen artean frontoia itxi zenean, nork igarri berriro zabalduko zituztela ateak “Battle at the Palace” (Gatazka Jauregian) txapelketaren kariaz?

Badakit begi bat han eta bestea hemen dituzula eta jakinaren gainean zaudela hemengo albisteaz.

Katedralean, Gernika Jai-Alai pilotalekuan, berebiziko arrakasta izaten ari dela “Neguko Serieak” (Winter Series) txapelketarekin.

Dagoeneko jokatu da finalerdi bat; datorren astelehenean erabakiko da beste finalerdia.

Fenomeno harrigarria bilakatu da astelehenero Gernikako jaialdia. Publikoa sartu nahian geratzen da kanpoan. Gazteak dira asko, emakume ugari. Aztertzeko moduko gertaera pilotaleku batean suertatzen dena.

Gaur, ordea, magiaz hitz egin nahin dizut. Posible da magia egitea kantxa baten barruan?
Magia pilotan zer den deskribatu al daiteke?
Ilusionista deitzen zaie magoei, hala entzunda daukat.
Harridura sortzeko ahalmena dute magoek. Jendea, ikusleak, ah!…oh! aho zabalik utziz.

Adinean aurrera goazenok tokatu zaigu harritzeko moduko hainbat jokaldi ikustea. Kantxa barrutik eta kanpotik, harmailetatik. Noiz behinka, hori bai aitortu behar dizudala. Izan ere, magia egitea ez dago edonoren esku.
Halako batean, lasai antzean zaude eta, di-da! hoztasun puntu batekin nondik ez dakizun sortu den gestu batekin, magoak magia egiten du jokaldi batean.

Bolibarko Txikito ikusi nuen magia egiten. Geroztikan ez.

Zuk badakizu zer den Aritz Erkiagaren aurka jokatzea. Gogoan dut Cabanillasen (Nafarroa) elkarren aurka jokatu zenuenean. Partida bikaina egin zenuen. Ez irabazteko nahikoa, ordea. Orduan ere, Aritzek eman zuen berezkoa duen magia erakustaldia. Zeharkako posturaz (kostadilloa) txokoan utziz edo bi-paretaz edo errebote zuloan pilota jarriz.

Joan den astelehenean ikusi nuen Erkiaga jokatzen Katedralean. Eta badakizu zein etorri zitzaidan gogora?
Entzunda edukiko duzu. Ituarte mutrikuarra. Habanan (Cuba) horrenbeste jokatu zuena. Ia 100 urteko kontuak dira eta, jakina, nik ere ez nuen ezagutu. Bai, ordea, beraz berbetan entzun. Edota kronikak irakurri. Edozer gauza egiteko ahalmena omen zuen “Patakon” Ituartek. Zeharkako posturaz. Eskuma ere, Erkiagaren antzera, nahikoa pattal omen zuen. Baina arma nagusia kostadilloa izanik, hortik jaten zuen. Pistonekin batera aurrelari onena izateraino.

Lehengoan Aritzek, behin jokoan sartzen hasi zenean, errepertorioa indarrean jarri zuen. Barrura, zabalera edo erreboteko horma-zulora. Ah!… oh! harmailetan jendea ahoa bete hortz utziz.
Edozeinen esku dago noizbehinka halako erremate ziragarria egitea. Jokaldi bera errepikatzea, ez ordea. Hor dago koska.

Bigarren jokoan gertatu zela iruditzen zait. Telebistaz ikusi nuen eta gauerdia zen. Errebotetik pilota itzuli behar zuenean. Zeharkako posturaz txokora edo bi-paretara bidali beharrean, zabalera jaurti zuen pilota, frontisaren erdialdian joaz, pikatu eta zabaleko marra ingurutik sarera joan zenean, suziria zeruan galtzen den moduan.

Ez dut inoiz halakorik ikusi. Eta ikusi badut ez naiz akordatzen. Goikok egiten ditu halakoak; baina eskumaz, goitik-beherako posturaz.

Errebotetik? Inoiz ez!

Magia kantxan zer den ulertzeko garaian Altuna III.a eskuzko pilotaria ekarri behar dut gogora. Bera ere magoa baita. Bolibarko Txikito izan zen bezala. Aspaldian ordea, ikusi gabe neukan halakorik xistera batekin pilota izkutatzen.

Zuzenean ez bazenuen ikusi, bila ezazu EITBn, merezi du eta. Nik ere gauza bera egingo dut. Ez dut pentsatu nahi ametsetan nengoela eta, orduan bai, edozer gauza irudikatzeko gaitasuna izaten da. Egoera arruntena magia bihurtzeko.

Ondo izan, Jon. Gogor entseatu. Laster duzue eta, “Gatazka Jauregian”. Guri Katedralean bi meza geratzen zaizkigu. Bat nagusia, magia iragarrita dago.