Noiz arte?

Olatua metafora bezala erabili da zesta-puntak bizi duen ustezko pizkundea dela eta, batik bat Gernikan Neguko Serieek izan duten arrakasta ikusi eta gero.
Oihartzun handia izan du aipaturiko txapelketak, baita Euskal Herritik kanpo. Urrutira jo gabe, duela pare bat aste Madriletik deitu zidan medio digital batean lana egiten duen kazetari batek, zerbait idatzi nahi zuela zesta-puntaren loraldiaz. 
Hiru bat egun beranduago, beste kazetari batek hots egin zidan. Madriletik hark ere. Podcasting bat osatzen ari zela. Donostiar iruzurgile baten gainean, Miamin (Florida) berebizikoak egin zituena 80ko hamakadan. Ea zer-nolako giroa bizi  genuen jai-alai munduan, eta bide batez morroi haren berri izan ote genuen.
Ez kazetariak soilik, baita zinemagileak ere. Tampatik (Florida) etorri ziren bi lagun Euskal Herrira, jai-alai munduari buruzko dokumental bat egiten ari direla eta. Prest ote nengoen elkarrizketa baterako.
Sarean surfeatzen ari nintzela topo egin dut Paula Morton kazetariaren lan batekin, duela hiru urte argitaratutako liburu batekin. “The cultural history of jai-alai”. 
Apirilaren 7an egitarau bat izango da Interneten izena duena “Sports Diplomacy”. Kirolak duen garrantziaz herri arteko diplomazian. Zoomen bitartez jarraitu ahal izango da aurretik apuntatuz gero. Mundu mailako adituek parte hartuko dute gaia jorratzeko. Niri ere gonbidapena egin didate bost bat minutuz azaltzeko jai-alairen garrantziaz joan deneko 150 urteetan. Jai-alai marka bezala, pilotariok —4.000tik gora— utzitako arrastoaz lau kontinentetan. Bada zerbait.
Amorrazioa ematen dit pertsona horiek kanpotik etorri behar izateak gurea den patrimonio kulturalaz jabetzeko. Zergatik ote da geuk, euskaldunok, nigandik hasita, hain garrantzi gutxi ematea gure kultur altxorrari. Motz samarrak geralako?
Francisco Turrillas kazetari donostiarrak esaten zuen moduan, Guillermo Amutxastegi handiaren biografiaren ¡…Neuk! liburuaren prologoan, (…) “euskalduna, salbuespenak salbuespen, fanfarroi ospea izan arren, motz samarra da eta lotsatia. Agian, beste garai bateko pilotariek, oraingoak bezala, ez zuten sekula kontsideratu euren bizitza meritu eta apartekotasun handikoa. Ez zuten ahoa ireki, pentsatzen zuten ez zeukatela zer esanik”.
Ez dabil urruti egiatik Turrillas jauna. Nik behintzat zeharo bat egiten dut esaldiarekin. Kanpotik etorri behar du japoniar edo estatubatuar batek galdezka geure singulartasunari buruz: tesina, liburu edo dokumental bat osatzeko. 
Noiz arte?