Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko aretoak ez du baldintzapean aske utzi Frederic Haranburu euskal presoa (65 urte ditu; ia 30 daramatza kartzelan), hura libre uztea ordena publikoa “azkarki trabatzea” litzatekeelakoan, eta uste du “arriskua” litzatekeela ETAk jardun armatua berriro hartuko balu. Hala dio, 2019aren hondarrean. Auzitegi horrek ez ditu kontuan hartu Maritxu Paulus Basurco defentsa abokatuaren argudioak, eta, sistema judiziala estatu aparatu bat izan arren, ez du kontuan hartu ETAren armagabetze egunean (2017-4-8) Bernard Cazeneuve Frantziako orduko lehen ministroak ateratako prentsa agiri esanguratsua (behean); eta ez du kontuan hartu iazko urriaren 1ean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batera Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ETAren bukaera ofizializatzeko egindako agerraldia (behean). Haranbururen kasuan ere, partida ez da bukatu. Hor dago, esaterako, zigorrak kommutatzeko aukera —bizi guztiko kondena 30 urtera ekartzea—; Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hartu beharko luke erabakia, eta haren Justizia aholkulari berria Helene Davo da, ETAren bukaera ofizial egiteko ekitaldi hartan estatu kondekorazioa jaso zuen bera. Euskal ordezkaritzak fase berri batera pasatzeko nahia agertu du, “non koadro juridikoa bake prozesurantz eramanen dugun”.♦
Author Archives: Enekoitz Esnaola
Ibon Etxezarretaren gogoeta
Joan den astean estreinatu zuten Zubiak dokumentala, Donostiako Zinemaldian, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta Langraiz bideko euskal preso Ibon Etxezarretaren aurrez aurreko elkarrizketa filma —dena hori ez den arren—. Etxezarretak esaten du sentitzen duela Jauregiren-eta hilketetan parte hartzea, indarkeriaren erabilera kritikatzen du, ETAren biktimekin abiatutako prozesua estimatzen du, eta euskal presoen urruntzeaz eta Euskal Herriratzeaz egiten du gogoeta bat; hauxe (euskarara itzulia): “Huelvako kartzelan zaude, edo Badajozen —han egon nintzen ni—, eta kezka hauek dituzu eta pentsatzen duzu gustatuko litzaizukeela parte hartzea, baina nola egiten duzu? Hemen bazegoen diferentzi bat, niretzat oso garrantzitsua zena: Langraizera etorri ginenean, jartzen zenuen irratia, eta Euskadi Irratia genuen —Euskaditik kanpo ezin zen entzun—; jarri telebista, eta ETB genuen; egunkari gehiago genituen, irrati kate gehiago, eta hemengo gaiez hitz egiten zen. Zu mila aldiz entzun izan zaitut; Badajozen egon izan banintz, sekula ez zintudan adituko. Esaten dudanean sakabanaketak ez duela inolako zentzu positiborik presoen eboluzioan, horretaz ari naiz. Guk hemen bagenekien Euskadin zer gertatzen ari zen”.♦
(irudian, Ibon Etxezarreta eta Maixabel Lasa, Zubiak filman, Legorretako elkarte gastronomiko batean)
Euskal presoak, auzi politikoa
BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦
Eskubia hor dago, orain ernai dago
Gaur gauerdian bukatuko da Espainiako Estatuko legealdia, bihar desegingo dituzte Gorteak, eta bihar bertan deituko, haien agerkari ofizialean, datorren azaroaren 10eko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Eta estatuko eskubia hor dago, orain ernai dago, bozetan jarria dauka konpainia… Badu masa elektorala, 10,5 milioi boto-emaileko oinarria —behean, azken bi hamarkadetako lau erreferentzia—; eta badu —eta hau inportantea da— berriz ere Moncloara iristeko itxaropena. Egingo dituzte aurrez eta ondoren —balizko aukera baliatzeko— batzeko saioak.
Olaso Dorreko mahaia
Arnaldo Otegi ere izan da gaur, Bergaran, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren aurkezpen ekitaldian, Olaso Dorrean, eta eraikinaren bisita gidatuan bere inguruan zituen batzuei aipatu die halako mahaitan aurkeztu zuela ezker abertzaleak 2003an Bergarako proposamena (mahaia behean, gaur ateratako irudian). “Espainiako hauteskundeetan Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidearen alde kandidatura bakarra” osatzeko proposamena izan zen. Abenduaren 16an aurkeztu zuten, eta mahaiaren atzean ziren, lehen lerroan, Jon Idigoras, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Arantxa Arruti; haien gibelean, Koldo Ormaetxea, Pernando Barrena, Emilie Laplazette eta Xabi Larralde. Handik hiru hilabetera tokatzen ziren Gorteetarako bozak. Ezker abertzalea ordurako hasia zen Jesus Egigurenekin-eta euskal gatazkaren konponbiderako bide berri bat urratzen, baina egoera zail batean ere bazen, legez kanporatzeagatik. Autodeterminazioa Madrilekin negoziatuko lukeen ordezkaritzaren aldeko proposamenak ez zuen irten aurrera. EAJk ez zuen ikusten. Olaso Dorreko 2003ko hitzordu hartan Otegirekin-eta hedabideak zeuden. Gaur, Andoni Ortuzar ere bazegoen han. Tankerako hautagaitza bat proposatzeko baldintzarik ez, ordea, gaur-gaurkoz.♦
Difamazioa
BERRIAn gaur argitaratu dugu Josu Urrutikoetxearen abokatuek Le Figaro Frantziako egunkariaren kontrako salaketa bat aurkeztuko dutela, difamazio delitua egotzita. Poliziak pasa den maiatzean Urrutikoetxea atxilotu ondorengo artikulu batean (2019-6-19) behintzat, Le Figaro-k idatzi zuen 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako “erasoan parte hartu” zuela hark —11 lagun hil zituen ETAk—.
Xabier Arzalluz zenak 2001ean, artean EAJren EBBko buru zela, Prentsaren Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. Artikulu bat idatzi zuen Deia-n: “Guido Brunner enbaxadore alemaniarrak auzitegietan erabateko indefentsioa eta presio eta jazarpen mediatikoa jaso zuen, batez ere Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik, gobernu sozialistarekin eta Felipe Gonzalezekin zeukan harreman bikaina zela eta. Aldiz, Stern Alemaniako astekari indartsuak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgeko Prentsa Delituen aretoan. Hilabetera atera zuen epaia aretoak, eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”. Zenbat halako, eta denak ez hedabideen aldetik: gaur Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Espainiako Kongresuan bota du Arnaldo Otegik “atentatu terroristetan 54 katalanen sarraski batean [matanza, erabili du] parte hartu” zuela.♦
Hauteskundeak noiz jarri
Gaur Gara-k dakar Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egiten duela Eusko Legebiltzarrerako bozak datorren azaroaren 10erako jartzea, Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeekin batera. Bi hitzorduak sekula ez dira izan egun berean, EAJri ez zaiolako komeni. Ildo horretan, Patxi Zabaletak Nafarroako azkeneko foru hauteskundeen ondoren iradokizun bat egin zuen Hamaika Telebistako elkarrizketa batean (7.22-8.55): “pentsatu eta mahai gainean jarri” behar dela Nafarroako foru bozak noiz egitea komeni den. Esan zuen duela zortzi urtera arte herrialdean, Foru Hobekuntzak agintzen zuenez, parlamenturako bozak udaletakoekin batera egin behar zirela, baina harrezkero ez, araudia aldatu egin zutelako, eta, ondorioz, pasa den legealdian Uxue Barkos gobernuburuak bazuela foru hauteskundeak udaletakoak baino lehenago deitzeko eskumena —batera izan ziren: maiatzaren 25ean—. EAEko adibidea jarri zuen Zabaletak: “EAJri ez zaio burutik pasatu ere egiten munizipalekin batera jartzea hauteskunde autonomikoak; [hauek] egiten ditu beti beste data batean. Hori komeni zaie, zalantzarik gabe, alderdi abertzaleei”. Izan ere, udal bozak Espainiako Estatu osoan egiten dira, eta horrek asko markatzen du agenda, eta fokua, Madrilen jartzen. Hurrengo baterako ideia, hurrengorik bada.♦
Familiak Josu Urrutikoetxeari lehen bisita, uztailaren 31n
Joan den maiatzaren 16an atxilotu zutenetik, Josu Urrutikoetxea euskal presoak hil honen 31n jasoko du bere familiaren lehen bisita, La Sante kartzelan. Frantziako Alpeetan atzeman zuen Poliziak, eta utuneroztik sendiak auzitegian baizik ez du ikusi. Ekainaren 19ko auzi saioan, Parisko Dei Auzitegiko epaileek baldintzapeko askatasun eskaera ebatzi zutenean, Egoitz eta Irati seme-alabekin ordu erdi batez egoteko aukera izan zuen. Epaileek aske uzteko ebazpena eman zuten orduan, baina Espainiaren atxiloketa eskaera bat gertatu zen eta preso segitu zuen. Duela bi hilabete pasa Sallanchesen atzematean, hango erietxe batera ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. Gaixotasun larri bategatik, egunak zeramatzan pixa ezin eginda eta ezin janda. Atxiloketaren ostean, urologoak esan zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola operazioa. Ez diote egin oraindik. Parisen zunda bat jarri zioten, hilabete bateko iraungitzearekin. Berriro jarri zioten zunda, eta, familiako iturrien arabera, uztailaren 15erako programatu zioten ebakuntzaren data, baina ez zioten egin, ez presoaren erabakiagatik, eta hirugarrenez ipintzekoak dira zunda, jada ipini ez badiote. Gainera, gutunik jasotzeke segitzen du. Horretaz guztiaz gain, ETAko militante historiko ohiarentzat juridikoki eta politikoki bi hilabete intentsu izan dira. Une honetan, hainbat auzi ditu zabalik: Espainiaren bi estradizio eskaera eta beste bi euroagindu; Frantziak bi epaiketa egingo dizkio ETAren egitura politikoarekin lotuta; seguruenez, abuztuan izango da baldintzapeko askatasunaz dagoen beste eskaera bati buruzko saioa —bihar izatekoa zen—; ekainaren 19an epaileek hartutako erabakiaz fiskalaren helegite bat Kasazio Auzitegian da… Notiziak egongo dira.♦
Udalerririk handienak
Duela lau urte, Hegoaldeko 10.000 biztanletik gorako 56 udalerrietatik 45etan zeuden talde abertzaleak alkatetzan. Orain, bost gutxiagotan. Ikusi konparazioa BERRIAko bi mapetan. Aipatzeko bi aldaketa daude. Aurrena, nagusia: lehen, UPNk ez zuen alkatetzarik udalerririk handienetan; orain, haren koalizio Navarra Sumak sei ditu —Iruñekoa, Tuterakoa, Barañaingoa, Lizarrakoa, Burlatakoa eita Eguesibarkoa—. Beste aldaketa: EAJk EAEn sei alkatetza galdu ditu, eta seietan EH Bildu jarri da; dena dela, EAJk 24 alkatetza ditu erkidegoan, eta EH Bilduk, 11. 56 udalerri horietan bizi dira Hegoaldeko herritarren %66.
2015
2019
Zaharra berri Hegoaldean
BERRIAko analisiaren (2019-6-16) laburpena: Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri. Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. (…) EBBk ez du jite horretako [EAJ-EH Bildu EAEn] gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin. Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: “251 euskal udal eratuko dira”—.♦