BERRIAko analisiaren (2014-10-26) laburpena: Gernikako Estatutuak, 35 urte atzo. Bete gabe dago oraindik. Estatuaren aldetik paralisia eta inboluzioa dagoen arren, Urkulluk, estatutua osorik betezeko eskatzeaz gain, “Euskadi nazio gisa” aitortzeko galdegiten dio hari, “erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa” nahi du eta, EAE “subjektu politiko” bihurtuta, “[Espainiako] estatu federala baino gehiago, konfederala” desio du. Alferrik dabilela dirudi. Prozesu baterako beharko dira, esparruka nahiz globalki, pertseberantzia, koherentzia eta ausardia, baina lehendabizi, akordioa. Premia dago. Izan ere, Kataluniak estatutik ospa egiten badu edo hartarako aukera erreala badauka eta Euskal Herrian helburu estrategikoaren baitako batasunik ez badago, eskaera partzial bat baliatuz etorriko da Espainiako momentuko gobernuburua eskaintza batekin —Herrero de Miñonek Kataluniaren aitorpena baina integraziorako uneko eskaintza bat proposatu zuen hitzaldian—, eta beste aukera bat galduko da.