Hauteskunde kanpaina batean politikarien artean oso ohikoa ez den prentsaurrekoa izan da Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiak gaur Donostian egindakoa, segidan ia ordu erdi batez aritu delako gai bati buruz hizketan (egoera ekonomikoaz); sakon aztertu du. Bukaeran aipatu du “hemen” [Espainiako Estatuan] behar dena “erreforma enpresariala” dela, eta IUren proposamena aletu du: iruzurra borrokatu; irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak egiten badira horiek delitutzat hartu; ustelkeriarekin lotutako enpresarien aurkako neurriak hartu; euren langile denei alta eman enpresariek; irabaziak ekonomia “produktiboan” inbertitu, eta ez “espekulatiboan”; sozietateen gaineko bestelako zerga mota bat… Lara ez da prentsaurrekora joan propagandarako mezu hutsalak botatzera.

Ustelkeriari buruzko pasadizo bat ere kontatu du, berari gertatutakoa: “1979an zinegotzi hautatu ninduten nire herrian [Argamasilla de Alba, Ciudad Real, Espainia], eta festetan auto elektrikoetan ibiltzeko fitxak oparitu zizkidan gizonezko batek. Ezetz esan nion, langile bat nintzela eta nire ahalmenaren arabera ibiliko zirela edo ez gure umeak auto elektrikoetan, eta Kultura zinegotzi izateagatik ez nituela fitxa haiek opari behar. Gizon hark erosi egin nahi ninduen, festetan urtero jar zitzan auto elektrikoak. Garrantzi txikiko ustelkeria kasu bat zen, baina gutxirekin hasten da eta askorekin bukatzen”.♦