Gara-ren pieza batetik zenbaki batzuk ateraz, Nafarroa Garaiko 30 udalerririk handienak kontuan hartu, eta, maiatzeko udal hauteskundeetan lehen indarra izateagatik edo itunen ondorioz, haietako 292.696 lagunek alkate EH Bilduko kideren bat izango dute: Iruñean, Barañainen, Lizarran, Tafallan, Antsoainen, Atarrabian, Berriozarren, Baztanen (13 udalerririk handienen artean dira 8 horiek), Uharten eta Beran. 40.245 lagunek, Geroa Baikoren bat: Eguesibarren, Zizur Nagusian eta Altsasun. Eta 35.369k, Ezkerrako bat: Tuteran. 368.310 lagun dira horiek, Nafarroa Garaiko biztanleriaren %57,5. Gehitu EH Bilduren esku egongo direla udalerri txikiago asko: Leitza, Goizueta, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Lizarra aldeko eta Tafalla aldeko beste batzuk, Pirinioetako ugari… Geroa Bairen agindupean izango dira, halaber, Lesaka, Etxalar edo Erronkari, eta haren inguruko alkate batek Lekunberrin gobernatuko du. Edota herritar hautagaitzen alkatetzen kasuan, bat aipatzearren: Noaingoa  (15. udalerririk handiena, 7.808 biztanlerekin), EH Bilduk eta Ezkerrak babestuta. Zapatuan zehaztuko da dena.

Nafarroan aldaketa instituzionalki gobernutik ez ezik udaletatik emateko, oinarri handia da hori.♦