Enekoitz Esnaola

Nafarroa (III): gaur 10 urte Valentin Bengoak esandakoa

Gaur 10 urte (2005-06-11), gurasoen etxean afaltzen izan genuen Valentin Bengoa, Azpeitian. Jesuita da Valentin (50 urte pasa daramatza Loiolan), eta ELAko historiko bat. Gure gurasoak ezkondu zituen, eta amistadea daukagu. 90 urteak jiratuta dauzkan arren, burua du argia hark; zenbat pasadizo eta detaile afari pasadetan, politikoak gehiago, arlo sindikalekoak baino. Gaur 10 urteko juntadizo hartan Osasuna-Betis Espainiako Kopako finala zen jokoan baina, sukaldeko telebista piztuta bazen ere, ez genion kasu handirik egin. Solasa zen nagusi, eta Valentinek esandako bat geratu zitzaidan: Nafarroan pixka bat ibili zela azkenaldian, eta sakoneko mugimendu bat ari zela gertatzen; hazten zihoala euskaltzaletasuna, jende bat inguratzen ari zela euskal mundura; emaitzak ez zirela berehalakoan ikusiko, baina bazetorrela zerbait. “Baikor nago”. Ezker abertzalearen ilegalizazio garaiak ziren, eta Nafarroako Parlamentuan orduan UPNk 23 aulki zituen, PSNk 11, CDNk 4, IUk 4 eta Aralarrek eta EA-EAJk ere 4na.♦

Ez da elkarrizketak eman zalea Valentin Bengoa. 2011n eta 2013an bi eman zituen, salbuespen modura:
– ELAren Landeia aldizkaria (2011ko maiatza).
Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria, 2013ko apirila (20-23 orrialdeak).

1 Comment

  1. imnl

    Valentin Bengoaren hirugarren elkarrizketa (biografiko eta luzeago) bat ere laster-edo izango duk kalean, Enekoitz. Robles-Arangiz Institutuak enkargatuta elkarrizketa-liburua aurreratu samar zeukagu.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑