Baieztatu da Arnaldo Otegik datorren urteko apirilean (10ean?) kartzelatik irteten duenean hauteskundeetan hautagai izateko aukera izango duela. Aurrerapenik ezean, handik urte erdi batera izango dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, urrian. Otegi 2008ko abuztuaren 30ean atera zen aurreko aldiz espetxetik, hamabost hilabetez barruan egon ostean. Foko publikoak utzi, eta lehen hiru hilabeteak ezker abertzaleko militante ugarirekin egoteko baliatu zituen, egoeraz eta etorriko zen estrategia berriaz mintzatzen hasteko. Hedabide batean aurreneko elkarrizketa justu hiru hilabetera eman zuen (Gara-n), apunte batzuk zabaltzeko. Lehen prentsaurrekoa, berriz, sei hilabete eta erdira, estrategia berriari buruzko hausnarketa eta lehen urratsak ofizial egiteko. Tartean —urtarrilean— Kursaalean solasaldi batean aritu zen. 2008koaren aldean bada alde nabarmen bat orain: badira bost urte pasa ezker abertzaleak abian duela estrategia berria. 2008an kartzelatik irten zuen egun berean eta, “intentsitate handiagoz”, bere ongietorrian, “erreferentziatzat” zituen militante asko eta asko joan zitzaizkion “ezker abertzalearen egoera kritikoaz kezka” agertzera. Bada beste alde handi bat 2008tik (50 urte zituen orduan): orain hamabost hilabetera ez, sei urte eta erdi erdira aterako da barrutik. ♦