Egunkaria auzia dela-eta maiz etorri izan ziren ordezkari politikoak babesa ematera Andoainera, Martin Ugalde Kultur Parkera. Halakoetan beraien arteko elkarrizketetan ezin belarria jarri gabe geratu, eta alderdi abertzale desberdineko arduradun euskaldun ezagunenetako batzuk behin baino gehiagotan entzuten zenituen espainolez. Dezepzioa. Joan den asteartean Gipuzkoako Batzar Nagusietan ahaldun nagusiaren inbestidura saioan asko entzun zen euskara bi hautagaien eta taldeetako eledunen parte hartzeetan. Ahaldun nagusi berria euskalduna da, jakin dugu haren gobernuko diputatu denak ere euskaldunak direla (txalotzeko neurri politikoa; euskaraz egingo dituzte bilkurak, ezta?), Batzar Nagusietako presidentea ere euskalduna da (halaxe baino ez da aritu orain arte), eta juntetako bost taldeetako eledunetatik PPkoa da euskara ez dakien bakarra. Gazteen artean euskararen erabilera aregotzea da diputazio berriaren xedeetako bat. Ongi. Plaza publikoan (ere) segi dezatela beraiek halaxe, euskaraz, eta, haietako batzuk, pittin bat gehiago eginez. Euskaldunon normalizazioa.♦

Post scriptum: Markel Olanok baietz esan du, euskaraz egingo dituztela gobernu bilerak. Ongi.