Gaurko BERRIAn Jon Gurutz Olaskoagak, Pedro Ibarrak, Jose Manuel Castellsek idatzi dute Madrilgo udal gobernuak egin bezala Asironek eta Barkosek ere “errealitatearekin bat ez datozen berriak zuzentzeko” eta euren bertsioa emateko zabaldu beharko luketela “komunikazio bide bat”, “ikaragarria izango baita Nafarroako eskuin muturrekoen erasoaldia”. Kezka hori ez da berria. Adibidez, 2001ean, EAJren EBBko buru zela, Xabier Arzalluzek Prentsa Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. PPren eta PSOEren kritika latzak jaso ondotik, Arzalluzek iritzi artikulu bat idatzi zuen Deia-n. Han zioenez, Alemaniak Espainian zeukan enbaxadore Guido Brunnerrek “Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik presio eta jazarpen mediatikoa” jasan zituen PSOEren gobernuarekin “harreman bikainak” izateagatik, eta Espainiako Justiziaren aldetik “erabateko indefentsioa” pairatu zuen. “Aldiz, Stern Alemaniako astekariak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgoko prentsa delituen Salan. Honek hilabete batera atera zuen epaia eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere; Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri, berriz, orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”.♦