2004-12-30: Ibarretxek (Jaurlaritzan: EAJ-EA-EB. 36 aulki) gehiengo osorako gutxienez beste bi legebiltzarkideren botoak behar zituen Gasteizko ganberak EAEko Estatutu Politiko Berria onartzeko. Han ziren Sozialista Abertzaleetako (Batasuna) sei legebiltzarkideetatik hiruk aldeko botoa eman zuten (beste hirurek, ezezkoa; eta Josu Urrutikoetxea iheslaria falta zen). Otegik esan zuen 1979ko “akatsak errepikatzea” eragotzi nahi zutela; “botoak ezin dira erabili Madrilekin estatutu berria hitzartzeko”, denen artean galdeketaren galdera eta moduak hitzartzeko baizik. Estatutua, onartua. Gero Kongresuak atzera bota zuen.

2008-06-27: Ibarretxek (Jaurlaritzan: EAJ-EA-EB. 32 aulki) beste parlamentari batzuen laguntza behar zuen Gasteizko ganberak gehiengo sinplez EAEko Kontsulta Legea onartzeko. Aralarreko legebiltzarkideak alde bozkatu zuten. Baita han ziren EHAK-ko (ezker abertzale ofizialak babestua) zortzietatik batek ere (beste azpiek, abstentzioa. Beste bat bajan zen), “Espainiako Konstituzioaren topea agerian uzteko”. Kontsulta Legea, onartua. Gero Konstituzionalak atzera bota zuen.

2015eko udazkena. Junts Pel Sik gutxienez bi legebiltzarkideren botoak behar ditu gehiengo sinplez koalizioko bat izateko Kataluniako  president. Junts Pel Sik dio Mas dela bere presidentegaia. CUPek (10 parlamentari) berretsi du ez duela Masen alde bozkatuko, murrizketen, ustelkeriaren eta iragan autonomistaren ikur jota. Ikusiko da une historiko honetan bereari eutsiko dion CUPek. Prozesu independentistaren garapena dago jokoan. Baluke ezker abertzaleko formula bat: Masen alde bi boto (baldintza guztiak jarrita), eta abstentzioak edo kontra zortzi.♦