…Burujabetza Adierazpena onartu zuten legebiltzarrean; Kontsulta Legea egin zuten; Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuria ere bai (1.400 orri); estatuari / estatu independenteari buruzko herri galdeketa deitu zuten, herrialdeko 947 udaletatik 920k babestu zuten, ehun mila boluntario aritu ziren kanpainan…, eta, Konstituzionalak galdeketa debekatu arren, herrialdeko gobernuak eutsi egin zien datari eta galderei; “batuta” lan egiteko konpromisoa idatziz jaso zuten Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Nazio Hitzarmeneko hiru mila erakundeek; izaera plebiszitarioko hauteskundeak deitu zituzten, eta bi alderdi handik eta gizarte zibileko mugimendu garrantzitsuek bat egin zuten hautagaitza batean; independentzia lortu arteko bide orri bat aurkeztu zuten; aurten berriro egin dute Egun Nazionalean ehunka mila laguneko mobilizazio independentista; azken hauteskunde horietan independentistek gehiengo osoa lortu dute parlamentuan; nabarmen goraka doa independentziaren aldeko boto kopurua; konstituzio propioa idazten ari dira, eta estatu egiturak sortzen; eta independente izateko erreferendum bat deituko dutela diote.

Katalunia. Prozesua. Jule Goikoetxeak BERRIAn idatzi bezala, “ondo antolatu eta errotutako argumentu multzoak ezinbestekoak dira manifestaldi puntuala mobilizazio iraunkor bilakatzeko, eta mobilizazioa, prozesu. Paseoan ibiltzetik bidea egitera igarotzeko”.♦