Ibarretxek Beasaingo hitzaldian, power point-eko irudi, mapa, datu eta guzti, NBE Nazio Batuen Erakundea eta EB Europako Batasuna aipatu ditu, azpimarratuz gero eta “herri” gehiago direla haietako kide: NBE 1945ean sortu zen, 51 herrialderekin, eta orain 193 daude; eta Europan 1949an 26 estatu zeuden eta orain EBn 47. “Zergatik ez 2030ean NBE barruan Basque Country?”.  Estatu izan behar da NBEko eta EBko partaide izateko (NBEk bere izenean ‘Nazio’ duen arren). Egia da Ibarretxek ez duela zehazki Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen eta ez duela euskal estatu independentea aipatzen (Espainiako Estatuarekiko harreman berri baterako elkartasun askeko estatusa zerabilen EAEko 2004ko Estatutu Politikoan , eta ez elkartasun askeko estatua, maiz esaten den bezala), baina gaur egun pistak ematen ditu. EBB lausoagoa da. Iaz Ortuzarrek euskal irrati kate batean “Euskadi nazioa Europan” bota zuenean (EAJk eusten dio horri), elkarrizketatzaileak “nazioa edo estatua?”, galdetu zion. Ortuzarrek: “Estatua esan nahi izan banu, estatua esango nukeen”. Ematen du FIFA antzeko bat nahiago duela EBBk: estaturik gabeko nazioa, nazioarteko gorengo instantzia politiko-instituzionaletan. Nola egiten da hori?♦