Gaur lau urte dira ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela jakinarazi zuela. PPk gatazkaren ondorioen arloan mugitzeke jarraitzen du, Arantza Quirogaren saiakera hor egon den arren. Euskal Herrian aurrerapausotzat ikusi zen hark indarkeriaren gaitzespena-ren partez baztertzea proposatu izana eta. Alfonso Alonso jarri dute Quirogaren partez EAEko PPko presidentzian, eta Alonso bera Arabako PPko buruzagitzan Javier de Andresek ordezkatu du. Hain zuzen, ETAk 2011ko urriko erabaki historiko hura iragarri eta bi astera De Andresek zioen BERRIAko elkarrizketa batean: “ETAk hitz egitea eskatzen du, baina ez negoziatzea. Ñabardura hori garrantzi handikoa da, ez duelako planteatzen negoziazio bat botere jarrera batetik edo eragiteko gaitasun batetik. Lortu nahi duena kontatzeko prest dago ETA, baina ez du ezer exijitzeko asmorik, ez duelako bere burua negoziazio baten parte ikusten”. Ñabardura hari lotuko balitzaio PP, honezkero asko egongo zen konponduta herri honetan. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak berak handik ia hiru hilabetera azaldu zuen euskal presoekiko “ikuspegi zabalez eta zentzuz” jokatuko zutela, eta ezker abertzaleak “PPren itxikeriaren aurrean jarrera aldaketa bat” ikusi zuen. Quirogakeri bat izan zen ministroarena, ustez. Lanean segitu besterik ez dago.♦