Ibarretxek esaten du bera Jaurlaritzako lehendakari zen garaiko (1999-2009) “berrikuntza politikoa” plazan autodeterminazio eskubidearen partez erabakitzeko eskubidea sartzea izan zela. Eta beste berritasun bat, independentziaren eztabaidaren partez dependentziarena sartzea izan zela, azken horretaz zehaztasunez hitz egin zitekeelakoan, ustez bestearekin ez bezala. Diskurtso horrekin utzi zuen Jaurlaritza, eta horrela ekin zion eten baten ostean berriz ere jendaurrean agertzen hasi zenean: “Herritarren hitza errespetatzeko ekimen politikoa behar da”, “Espainiarekiko dependentzia eredua txarra da”, “mundu globalizatu honetan gakoa ez da independentea izatea, independentzia partekatu egin behar dugulako. Arazoa dependentea izatea da”… Pittinka-pittinka mezuari karga politiko bat eransten joan zaio: “Edo demokraziaren bidea hartzen da, edo alde bakarreko adierazpena egingo da”, “erabakitzeko eskubidea onartu ezean, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian”, “ezin dugu askoz denbora gehiago pasatu propioa baina [Kataluniaren] antzeko prozesu bat bultzatzeko”, “zergatik ez 2030ean NBE barruan [hango kideak, estatuak baino ez dira] Flandria, Eskozia, Katalunia edota Euskal Herria?”.

Iazko urtarrilean azaldu zuen lehendakari zela unionistek “independentista eta bereizketaren aldeko bezala” definitu zutenean, “seguruenez asmatu” egin zutela. Dena dela, Ibarretxek beti neurtu egin izan ditu bere adierazpenak. Baina herenegun, Donostiako San Telmoko hitzaldi batean, Espainiarekiko dependente izatea komeni den aipatu ostean, esan zuen herri honen “independentzia oso gomendagarria” litzatekeela “ikuspuntu ekonomiko eta politikotik”. Baliteke independentziari buruzko haren adierazpenik zehatzena izatea.♦