Gaur sinatuko du Rajoyk Espainiako hauteskundeetara (abenduak 20) deitzeko dekretua. 2011ko abenduaren 21ean heldu zen Moncloara, bi hilabete lehenago (urriak 20) ETAk jakinarazi zuen betiko eman zuela bukatutzat jarduera armatua, eta Cayetano Gonzalezek (Mayor Oreja Barne ministro zeneko komunikazio arduradunak) Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak-en gaztelerazko bertsioa leitzeko aholkatu zuen Rajoy, Zapatero ETArekin noraino iritsi omen zen jakiteko. PSOEren gobernuak, ordea, 2011ko urriaren 20 hartatik orduko hauteskundeak arte (azaroak 20) ez zuen deus egin, ezta lehenago ere. Garai haietan egunkari batean galdera Rubalcaba Barne ministro ohi eta PSOEren presidentegaiari: ”Presoei buruzko berehalako keinu bat egitearen alde al zaude?”. Erantzuna: ”Astelehenetik aurrera hitz egingo dugu”. Ezer ez. Rubalcabari berari TVEn 35 minutuko elkarrizketa bat egin zioten ETAren erabakiaren ostean, eta Euskal Herriko egoera berriari buruz 32 segundoan baino ez zen aritu. Rajoyk presidente kargua hartu zuenean, hedabide bati emandako lehen elkarrizketa 25 minutukoa izan zen —hamalau galdera-erantzun, 23.200 karaktere—, eta euskal gatazkaz eta honen ondorioez ez zuen deus esan. ETAk borroka armatua utzi arren, hasieratik ikusi zen estatuaren jarrera zein zen: pasibitatea.♦