Enekoitz Esnaola

Hilabetea: azaroa 2015 (Page 2 of 2)

Galdeketa Legea (I)

Independentisten artean EH Bilduk kritika (gutxi) batzuk jaso ditu EAEko Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztu duelako, bidea hori ez delakoan, eta katalanena segitzeko eskatzen diote. Katalunian, ordea, honaino iristeko, besteak beste Galdeketa Lege bat onartu zuen parlamentuak 2014ko irailean, eta han oinarrituta deitu zuen Artur Masek iazko azaroaren 9ko galdeketa, katalan estatuari buruzkoa. Kataluniako Kontsulta Lege horrek erkidegoko Autonomia Estatutaren 122. artikulua garatu zuen, eta Generalitateari kontsultak deitzeko ahalmena ematen dio. Emaitzak ez dira bete beharrekoak, baina hor dago balio politikoa. Espainiako Auzitegi Konstituzionala legez baliogabetzen ari da katalan subiranisten saio oro, baina jakinekoa zen hori gertatuko zela. Nazioarteko prozedura estandarra betetzea da katalanak egiten ari direna, modu baketsuak, demokratikoak eta politikoak erabiliz, Kataluniako gehiengo parlamentarioan oinarrituz, herritarrei hitza emanez eta Espainiako Gobernuari negoziazioa eskainiz. EH Bilduk gauza bera egin nahi du (Rebeka Uberak hori azpimarratu du BERRIAko elkarrizketan). Beharko ditu aliatuak, gogotik landu beharko du aliantza politika. Katalan independentistak blokean ari dira.♦

Independentismora abertzaletasunetik

BERRIAko analisiaren (2015-11-1) laburpena: Independentista sareak dio abertzaletasunetik harago doan independentismoa sortu behar dela. Independentismoak funtzionatzeko, faktoreak faktore, mobilizazioak mobilizazio eta aurkariaren probokazioak probokazio, azkenean bototan ere neurtu behar ditu indarrak, eta Katalunian ikusi dena da ordezkaritza instituzionalean independentismoa hazi, abertzaletasunean hazi dela. CDCko zuzendaritzak emandako pausoa erabakigarria izan da, baina Katalunian lehen CiUren ohiko boto-emaile gehienak ez al ziren independentista? 2009-2011 arteko 554 galdeketek bazirela zioten. Duela urtebete Arrankudiagan (Bizkaia) EAJ ofizialki ez zen herri galdeketaren alde agertu, baina jeltzaleen talde kualifikatu batek babestu eta sustatu egin zuen, eta interpretatu daiteke EAJko boto-emaile gehienek ‘euskal estatu subiranoa bai’ bozkatu zutela. Nazioaren bereizgarriei eutsiz, eremurik urbanoetarako-eta diskurtso instrumental batekin eta praktika zehatzekin batik bat oinarri abertzalea aktibatuz, alderdietako maila orotako koadroetan eragitea al da euskal independentismoaren jauzirako giltza bat?♦

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑