enekoitz esnaola
ANALISIA

Independentismora abertzaletasunetik

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ferran Requejo Bartzelonako unibertsitate irakasleak País Vasco: ¿un nuevo estado? Cataluña: ¿un nuevo estado? liburuan (2013) mugimendu independentistaren faktoreen dekalogo baten berri dakar. Eduki beharrekoen artean ditu: 1. Bi independentismo motak barnebilduz —substantiboa eta instrumentala—, gehiengo soziala izatea, «gakoa» hori baita; eta behar dira argudioak, antolaketa eta estrategia. 2. Balioetan, proiektu transbertsala. 3. Indar politikoen eta gizarte zibilaren arteko ituna, ez bakarrik bukaerako helburuan —independentzia—, baizik eta baita erdibideko geltoki nagusietan ere. 4. Prozesuaren lidergo garbi bat eta nazioarteko aliantzak. 5. Erreferenduma deitzea, baina irabazteko aukera garbiak daudenean. Eta saihestu beharreko faktoretzat ditu: 6. Independentismoa ez oinarritzea kontrako erabakien erreakzioetan soilik, ez izatea emozionala bakarrik. 7. Ez da ona guztia berehala nahi izatea, kostuen-eta kalkulurik egiteke; ez egin independentismo «nerabea». 8. Baztertu «antolaketa minifundista»; jo ahal den erakunde zabal eta barneratzaileenak eratzera. 9. Ez izatea adjektibodun independentismoa —ezkerrekoa, ekologista...—, xede nagusiari nahasmendua baitakarkio. «Independentzia nazionala da»; ez egin proiektu nazionalista. 10. Ez planteatu nahikoa babes sozial ez duen kontsultarik.

Euskal Herriko Independentistak sareak joan den urteko martxoan Nazio Konferentzia bat egin zuen diskurtsoa-eta berritzeko asmoz. Harrezkero esan dute sareko kideek edo ingurukoek: diskurtsoan abertzaletasun identitarioaren esparru klasikoa zabaldu nahi da, abertzaletasunetik harago doan independentismoa sortzeko;independentismoak plurinazionala izan behar du; abertzaletasunarekin bakarrik ezin da gehiengoa independentismora ekarri; independentziak abertzaleei soilik begiratzen dien proposamena izateari utzi behar dio eta, euskal nazioaren bereizgarriak babesteaz gain, norbanakoen interesak ere defenditzera pasatu behar du;demokrazia, askatasuna, eskubideak, justizia soziala, berdintasuna, lana eta aberastasunaren banaketa aipatzen dira jorratu beharreko baliotzat, erakutsi nahi baita euskal herritarra independentziarekin hobeto biziko dela ekonomikoki eta sozialki ere.

Euskal plazan ez dira gogoeta berriak, eragile sindikal eta politiko abertzaleetatik lehen ere aitatu izan direlako, baina sareak azpimarra berezia egiten du.

Euskal Herrian independentismoak oraindik ez du tekla egokirik jo. Katalunian bai. Baina independentismoak funtzionatzeko, faktoreak faktore, mobilizazioak mobilizazio eta aurkariaren probokazioak probokazio, azkenean bototan ere neurtu behar ditu indarrak, eta Katalunian ikusi dena da ordezkaritza instituzionalean independentismoa hazi, abertzaletasunean hazi dela. Frankismoaren bukaeratik hona egongo ziren bloke abertzalean —CiU, ERC, SI, CUP, JxSi— eta ez-abertzalean —PSC, AP-PP, PSUC, ICV, CatSiqueesPot, UCD, CDS, C's, Partido Andalucista— batetik besterako boto mugimenduak, baina, hauteskunde autonomikoei erreparatuz gero behintzat, balantzarako ez dirudi masiboak eta giltzarri izan direnik, XXI. mende honetan oraindik ere nazio identitateak indar handia duen seinale. Datuak: 1980an ordezkaritza eskuratu zuten talde katalan abertzaleek bototan %36 lortu zuten, eta ez-abertzaleek, %54. 1984an: abertzaleek %51, ez-abertzaleek %43. 1988an: %50 eta %46. 1992an: %54 eta %40. 1995ean: %50 eta %48. 1999an: %46 eta %50. 2003an: %47 eta %50. 2006an: %46 eta %51. 2010ean: %48 eta %41. 2012an: %47 eta %44. Eta aurten: %47 eta %48. Parean ibili dira; batez beste, bloke abertzalea %48 izan da, eta ez-abertzalea, %47. Multzo ez-abertzalean autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldekoak %8an ibili dira batez beste: PSUC, ICV eta CatSiqueesPot —azken hori aurten, %8,9an—.

Iraileko bozen ondotik Junquerasek (ERC) datu bat azpimarratu zuen: «2012an legebiltzarra osatzean 24 parlamentari independentista geunden [ERCko 21 eta CUPeko hiru] eta orain, 72 [CDC eta ERCren JxSi-ko 62 eta CUPeko hamar]». Eta aldarrikapen fasea utzi eta sezesiorako prozesua hasi dute. CDCko zuzendaritzak emandako pausoa erabakigarria izan da, baina Katalunian lehen CiUren ohiko boto-emaile gehienak ez al ziren independentista? 2009-2011 arteko 554 galdeketek bazirela zioten. Euskal HerrianEAEn 1980tik bloke abertzalea, EEren datuak gorabehera, botoen %50-60 artean ibili da; ordea...

Bihar urtebete Arrankudiagan (Bizkaia) Nahi al duzu euskal estatu subirano baten herritarra izan? galderarekin egindako herri kontsultan kontuan hartzeko fenomeno bat gertatu zen, ondorio orokorretarako lagin txikia den arren. Uri Buru Batzarrak goitik mezuak jasota, EAJ ofizialki ez zen galdeketaren alde agertu, baina jeltzaleen talde kualifikatu batek babestu eta sustatu egin zuen, herri plataforma eta Bildurekin batera. Interpretazio bat eginda, nabari da Arrankudiagako EAJko boto-emaile gehienek 'bai' bozkatu zutela —beste jeltzale batzuek boto zurira jo zuten, eta haiek baino gehiagok, abstentziora; baina ez ezezkora—. Datu batzuk: 2011-2014ko aldiko bost hauteskundeetan Arrankudiagan EAJk eta Bilduk batez beste botoen %91 lortu zituzten, eta galdeketan baiezkoak, %89; bi alderdi abertzaleek hitzordu haietan batez beste 523 boto erdietsi zituzten —EAJk 261, Bilduk 262—, eta galdeketan —parte hartzearen portzentajea hamalau puntu jaitsita— baiezkoak, 450.

Nazioaren bereizgarriei eutsiz, eremurik urbanoetarako-eta diskurtso instrumental batekin eta praktika zehatzekin batik bat oinarri abertzalea aktibatuz, alderdietako maila orotako koadroetan eragitea al da euskal independentismoaren jauzirako giltza bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.