Andoni Olariagak, Jule Goikoetxeak, Unai Apaolazak eta Imanol Galfarsorok Independentzia helburu liburu sakonean ez dute aztertu edo ukitu lurraldetasunaren kontua. Aurkezpenean, lurraldetasunaz galdetuta, Goikoetxeak zioen ez dutela “problematizatu”. Independentismoan estrategia eraginkor baterako oinarriak jartzeko apenas dagoen eztabaidarik horretaz. EH Bilduk Euskal Bidean lerro batzuetan du “irizpidea finkatua”: “Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako [EAE, Nafarroa] herritarrek euren arteko harremana erabakitzea –Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera– lehenesten dugu”.  “Bitartean, Euskal Herria“, esaten du Imanol Esnaolak, Gaindegiako arduradunak; “independentziarako aukerak gauzatu ala ez erabakitzen dugun bitartean Euskal Herri izateko egitasmoa garatzea beste aukerarik ez dugula da, dirudienez, Kataluniako ikasgai nagusia”. Katalunia aipatuta, 2013ko Diadaren biharamunean ANCko buruekin pare bat orduz egoteko aukera izan genuen. Estatugintza sustatzeko balio unibertsalak landu beharraz aritu ziren —”ez joan katalan hizkuntzaren kontuarekin Cornellara”—, eta zioten lurraldetasunari ere garrantzia handia eman ziotela biltzar nazionala sortzeko prozesuan. “Estatu bat izateko zehaztu beharra zegoen: Principatekin abiatu ala Herrialde Katalanak hartu”. Iskanbila handia eduki zuten barne mailan, eta jende baliotsu bati ez zioten utzi ANCn sartzen, jende horrek uste zuelako Herrialde Katalanak hartu behar zirela hasieratik. “Estrategia da hori ere”, azpimarratu ziguten ANCko bultzatzaileek.♦