Duela bi urte Harvard-eko (AEB) Institutu Politikoaren webean 2025ean egon daitezken bost estatu berriak artikuluan ez zen ageri Euskal Herria. Tartean ziren Eskozia, Katalunia edo Quebec. Garai bertsuan Asier Blas irakasleak zioen New York-eko Columbia Unibertsitatean euskal estatugintzari buruzko ikerketak aurkezten egon zirela, baina “Mendebaldeko sezesio prozesuak aztertzerakoan, Eskozia, Flandria, Katalunia eta Quebec konparatu ohi dira. Euskal Herria kanpoan geratzen da, aldarrikapen independentista indarkeria politikoarekin lotu izan delako. Orain, aldiz, ETAren jarduna amaitu denean, New Yorken gustura gonbidatu gaituzte lau ponentzia aurkeztera. Halere, autodeterminazioari buruzko mahai-inguruan euskal kasua ez da egon presente: Eskozia, Katalunia eta Quebec aztertu dira, flandriar baten gidaritzapean”. Vicent Partal katalan kazetariak BERRIAn idatzi berri du Frantziako azken bozetatik aurrera “Europako Batasunak lau gobernu independentista” dituela, “beren barnean estatu berriak sortzearen aldekoak: Eskozia, Flandria, Katalunia eta Korsika”. Quim Arrufatek (CUP) esan zuen duela bi urte: “Madrilera begiratzeari utzi egin behar diogu; hildako bide bat da. Mundura begiratu behar dugu”.

Eta Euskal Herrian, barrura ere bai. Norberak-eta.