BERRIAko analisiaren (2015-12-23) laburpena: EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko boz autonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.♦