Enekoitz Esnaola

Prozesua: oiloa ala arrautza?

Gure Esku Dago-ren bazkidetzari buruzko artikuluaren barruan BERRIAn atera dugu Katalunian prozesu politikoaren momentuak garrantzia duela haren aldeko herri dinamiken babes soziala handitzean. Haien artean, Omnium Cultural-ena, prozesuan protagonismoa duenetik bikoiztu egin baitu bazkide kopurua: 2010 bukaeran 23.737 zituen, eta iazko azaroan, 54.200 (Omnium-en bazkidetza taula). Esanguratsua izan zen Muriel Casals zenak 2013ko irailean BERRIAko elkarrizketan emandako mezua —hura zen Omnium-eko presidentea orduan—: “Gure kasuan ere, independentzia nahia hor zegoen lehendik ere, baina gordea. 2012ko udazkenean atera ginen armairutik, Gramaneteko Santa Coloman egin genuen ekitaldi batean. Orduan, jendaurrean esan genuen independentziaren alde lan eginen genuela, eta, zorionez, ordutik ez digu kide bakar batek ere alde egin; alderantziz, erakundearen bazkide sortzaileek begi onez ikusi dute aldaketa. Guretzat urrats naturala izan da: Kataluniako hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean diharduen entitate batek helburu horiek bermatuko dituen aukeraren alde egin behar du beti; eta kasu honetan, independentzia da gure hizkuntza eta kultura bermatzeko biderik zuzenena”.

Prozesurako ere, zer behar da lehenago: oiloa ala arrautza?♦

1 Comment

  1. Mikel Erro

    Jakina! Erabakitzeko eskubidea behar dugu INDEPENDENTEAK izateko. Espainian eta Frantzian gelditu nahi dutenek badute erabakiteko eskubidea, eta beren estatu-aparatuen babes osoa. Independentismoa aldarrikatu ezean, horrelako dinamikak zimeldu eta ihartuko dira, ezinbertzez. Eta bertze kontu bat: kapitalismoaren krisi global honen erdian, independentzia “hutsa” (hots, sistema kapitalistaren baitakoa, beraz burgesa) aldarrikatzeak ez du independentismoaren oinarri soziala zabalduko. Catalunyan hain ongi ikusten den bezala, Euskal Herrian ere behar dugu mugimendu bat independentzia SOZIALISTA aldarriktuko duena, “politika”tik kanpo mugitzen diren sektore langile eta herritarrak dinamizatu eta erakarriko dituena. Horretan ari gara batzuk…

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑