BERRIAko analisiaren (2016-6-19) laburpena: EAEn, 1977tik aurrerako hauteskundeetan, nagusi azaldu izan da EAJ. Baina, tarteka, sufritu izan du, batez ere Espainiako Kongresurako bozetan, era batera edo bestera —edo bietara— sei aldiz ez baita aurrena geratu. Okerren 1980ko hamarkadaren bigarren partean egon da EAJ; batik bat, 1986an, eta arrazoi nagusia alderdiaren krisia izan zen. Sabin Etxean jakin edo asmatu izan dute ezbeharretatik osatzen. Baina orain, sei hilabetera EAEn berriro Ahal Dugu nagusitzeak joera bat adieraz dezake bertako hurrengo hauteskundeetarako. Eta hurrengoak laster izango dira erkidegoan: udazkenean, Eusko Legebiltzarrerakoak. EAJren hitzordu nagusia da hori, baina alderdi krisiaz geroztik botere instituzional handiena duen honetan Kongresurako bozetan berriro galtzea emaitza koiunturala baino gehiago da. Horrek ez du esan nahi udazkenekoak galdu egingo dituenik. Berez, arrunt hauteskunde desberdinak dira, eta EAJk badu tradizio bat. Baina indartsu sartuko da Ahal Dugu, eta EH Bilduren Otegi efektua ere kontatu behar da. Ikusiko da zer batura egin ahalko diren, eta EAJren egungo bazkide PSE-EE Espainiako emaitzek abaildua denentz. Oraingoz, gaur zortzikoari begiratu beharko, garrantzia udazkenekoek dutela kontuan hartuta.♦