Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2016 (Page 2 of 2)

Horizontaltasuna

BERRIAko analisiaren (2016-6-7) laburpena: Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan.  Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoak hobeto edo gehiago landu dituzte batzuek, eta emaitzetan ikusi ahal izan da. Burujabetza ariketa dira galdeketak. Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan… Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.♦

Bidea egiten utzi

BERRIAko analisiaren (2016-6-4) laburpena: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin, erabakitzeko eskubidearen eta biharko herri galdeketen aldeko ebazpen bat onartu izana aurrerapausotzat jo daiteke burujabetzaren bidean. Elkarrekin osatu zuten ebazpena. Dena dela, abertzaletasunaren bi eremu soziologikoetako ordezkari politikoek lehen ere urratu izan dute biderik, eta ez da emaitzarik izan. Sare sozialetan berriki Arnaldo Otegi ikusi dugu Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika leitzen. Idazleak dio “komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu” behar dituela. Euskal abertzaleen komunitateko bi indar politiko nagusiek sikiera hitzak partekatu dituzte ebazpen haietan. Baina, oraingoz, ez daude gehiagorako. Ikuspuntu desberdinak dituzte; adibidez, Madrilek ezezkoa ematen duen kasurako. Herri ekimenari bidea egiten uztea dagokie, eta giroa ez lardaskatzea. Sortu da atmosfera hori orain, herri galdeketekin.♦

Sallobente-Ermuaran auzoan Otegirekin

Arnaldo Otegiri BERRIArako elkarrizketa Elgoibarren egiteko geratu ginen, gaurko. Eguraldi onik ez bazegoen, haren soziedadean; bestela, Sallobente-Ermuaran auzoan, San Lorenzo edo Sallobente ermitaren ondoko zelaian. 11:30ean elkartu gara Elgoibarko plazan, eta, lainotuta zegoen arren, Sallobente-Ermuaranera abiatu gara, Otegiren autoan bost lagun, eta argazkilaria, berean. Herrigunetik hiru bat kilometrora dago; Azkarateko bide zaharra hartu, eta gero nahiko azkar, eskubira; bide horretan ezkerrera dago Txillarre baserria, 2000ko hamarkada hasieran Otegiren, Jesus Egigurenen eta beste batzuen mintzalekua. Paraje ederrak dira inguru haiek, eta auzoa bera ere, polit askoa: baselizaz gain, bolatokia, frontoia, elkartea edota haurrentzako parkea dauzka. Baita jauregi bat ere: Arostegi, XV. mendekoa. Zelaiko harrizko mahai bat hartu dugu elkarrizketa egiteko, eta ia ordu eta erdiz mintzatu gara (larunbatean argitaratuko dugu). Bukatu denean esan du Otegik: gazte garaian Sallobente-Ermuaran auzoan bota zituen bere lehen panfletoak.♦

2016-06-02, Elgoibar. Arnaldo Otegiri elkarrizketa 02-06-2016, Elgoibar. Entrevista a Arnaldo Otegi.

Otegiren kotxe kontuak

Arnaldo Otegi gaur Urruñan izan da berriz, Info7ko elkarrizketanBateragune auziko epaiketan harako bidaien-eta berri eman behar izan zuten Santiago Oruek eta biek. Poliziaren arabera, bidaia susmagarriak egin zituzten mugaz bestaldera. Oruek epaimahaiari azaldu zion autoan bi aldiz eraman zuela hura Lapurdira, eta bidaiak “normal-normal” egin zituztela, autopistatik. Aitortu zuen behin Urruñan gelditu zirela, baina pastelak erosteko zela; Otegik hartu zituela, eta hori ez zela segurtasun neurri bat. Gainera, kontatu zuen ohartu zirela poliziak atzetik zituztela. Epaiketa berean polizia batek esan zuen Otegi, Orue eta identifikatu ez zuten beste lagun bat Lapurdira joan zirela behin, Urruñako ermita batean Jokin Etxeberriarekin elkartu zirela, honen autoan sartu zirela Otegi eta identifikatu gabekoa, eta autoa “bigarren mailako” errepide batetik joatean galdu zutela.

Kotxe kontuekin segituz, auzian artean preso zeukatela Otegik berak iazko urrian La Directa katalan hedabidean bitxikeri modura zioen gidatzeko izugarrizko gogoa zeukala. Jimenez Losantosek behin bota zuen hura lehen Kataluniara joaten zenean David Fernandez izaten zuela auto gidari. Fernandezen erantzuna: “Ezin naiz Otegiren txoferra izan, ez baitut gida baimenik”. Kataluniako azken bidaiako argazkia da behekoa: gidariaren aldamenean, Fernandez; atzean, Otegi eta Pernando Barrena.♦

OtegiKatalunian

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑