Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2016 (Page 1 of 2)

Baratzea

EHUko Udako Ikastaroetan XXI. mendeko abertzaletasunaz zikloan Balizko errotak… (Abertzaletasun berriak) mahai inguruan Zelai Nikolas, Unai Apaolaza eta Gaizka Aranguren aritu dira ttor-ttor (Zuzeu.eus-en, laburpen zabala), eta Alain Gagnon Quebeceko politologoaren teoria atera da bukaera aldera. Gagnonek dio burujabetza prozesu batek hiru printzipio borobildu behar dituela: printzipio demokratikoa (herritarren erabaki librea, eskubidearen ezagutza), bideragarritasun printzipioa (aniztasuna, kohesio soziala, ongizatea edota gutxiengoen eskubideak errespetatuz, eredu politikoa: autonomismoa, federalismoa edo konfederalismoa, estatu independentea) eta eraginkortasun printzipioa (nazioartearen aitortza). Euskal Herria oraindik aurreneko fasean dagoela ikusi da mahai inguruan, ez dela bigarrengora jauzi egiteko proiekturik. Bideragarritasun printzipioaren fasera pasatzeko ikuspuntu eta ertz desberdinak azaldu dira, baina zoru komun bat bistaratu izan ahal da: inoiz euskal estatuari buruzko erreferenduma egiteko, garatu “kultura demokratikoa” eta erabakitzeko eskubidea (Zelai Nikolas), independentismoa zabaltzeko “konfrontazioa” landu eta “abertzaletasunaren balio tradizionaletatik [hizkuntza, kultura, historia] unibertsaletara ere jo [justizia, askatasuna…]” (Unai Apaolaza), eta “hitzen eta kontzeptuen estilo liburua” adostu (Gaizka Aranguren; izan ere, adibidez, “zilegi al da Jaurlaritzak Basque Country erabiltzea EAE promozionatzeko?”). Bateragarriak dira. Baratzera, beraz.

Badaukate etxeko lanik

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-06-28) laburpena: PPk lehen baino bide zabalagoa du Espainiako Estatuan agintzen jarraitzeko. Zein da alderdi abertzaleen egitekoa Madrilen? Edo hara begira? Eta, batik bat, etxean bertan?Badute lanik haiek, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k. EAJk jokorako aukerarik gabe segituko du Madrilen, antza. Normalki, haren bidez lortu izan dira EAErako eskumenak, baina 2011tik ez da batere jaso. Egoera hori kontuan hartuz, EAJk 2012an Eusko Legebiltzarrerako kanpainan aldarrikatu zuen “estatus politiko berria” behar duela EAEk. Legealdi honetan ez du galdeketarik antolatu horretaz. Haren egiteko handi bat da. EH nora ezean bezala agertu da berriro. Abenduan, erabakitzeko eskubidea zeukan aldarri nagusi, eta, orain, alor soziala. Ezker abertzaleak, historian, gatazka konpontzeko saio edo garaietan lortu ditu emaitzarik onenak. Emaitzak hobetzen hasteko premia du EH Bilduk, eta garrantzia du haren estrategia hautuak. Elkarrekin Ahal Dugu-k EAEn %29 lortu du. Udazkenean zenbateraino eutsiko dion, horixe dago ikusteko. Aurretik badu etxeko lanik: lehendakarigaia aurkitzea eta programa sendo bat osatzea, euskal osagai jakin batzuen argibideekin. Eroso bizi da Madrilgo zuzendaritzaren anparoan. Nafarroan aldaketa zintzilik al da? Aldaketaren indarrek badute zer pentsatua: programan azeleragailua zapaldu ala ez, foru hobekuntza egokitzeko proiektua lozorrotik atera edo ez, nola egonkortu edo sendotu aldaketa.♦

Mapa kasik ez da aldatu

BERRIAko artikulua analitikoaren (2016-06-27) laburpena: Joan den abendukoekin alderatuz gero, Hego Euskal Herrian mapa ez da kasik aldatu Espainiako Gorteetarako atzoko hauteskundeeetan: Elkarrekin Ahal Dugu izan da lehen indarra botoetan, eta orain diputatuetan ere bai —elkarrekin aurkeztu dira Ahal Dugu-Equo eta Orain Batera—, eta erkiegoetan, azterketa baterako betiere boz autonomikoak ikusmiran izanik, EAEn EAJ nahikoa ongi kokatua dago, eta UPN-PP ere bai Nafarroan –foru erkidegoan bestelako aldaketa bat erdiesteko–. EH Bildu Espainiako bozetan toki bat egin ezinda dabil, eta, areago, EAEko iazko udal eta foru hauteskundeetako kolpetik oraindik osatu gabe. Abertzaleak Madrilen eragiteko ahalmenik gabe geratu dira berriz ere.♦

Estatu arrazoia

Duela lau urte laSextari emandako elkarrizketa batean, Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiak: ”Guk ez genekien GAL zegoenik”, ”ETA bukatu egin behar da, eta, gerra bat dagoenean, gerra bat dago”, ”hil egiten duen jendearen aurka borrokatzen da [Espainiako] estatua [ere], eta gauza batzuk indarkeriarekin defenditu izan dira”. Bazekien zertaz ari zen; GALak GAL-eta, Moncloako maizterrekin ederki konpondu izan da Pujolen CiU. Judizialki, broma bat izan zen GAL auzia.

ETAk duela bost urte utzi zuen jarduera armatua, eta Espainiako Estatuari beste fronte bat zabaldu zitzaion: Katalunia. Orain jakin da Barne ministroa jo eta su aritu izan dela katalan independentistak ustezko ustelkeria kasuetan nahasten. Zein harritu da? laSextako bideo horren hasieran Felipe Gonzalez mintzo da: “Espainiako lurralde eta herri desberdinetako elkarbizitzari eusteko ahalegin iraunkorra egin behar da. Ezin da, azken urteotan probokatu den bezala, lurraldeen arteko inolako gatazkara jo”. 1993ko adierazpenak dira; artean Espainiako gobernuburu zen Gonzalez  –GALen X jauna?—.

Atzo jakin zen Hasier Arraizen xake-mate auzia artxibatu egin duela EAEko Auzitegi Nagusiak, adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidetzat jota. Autoak 7. orrian AEBetako auzi bati buruzko apaimena dakar, Kennedy epaileak esandako bat: “Gustatzen ez zaizkigun erabakiak hartu behar ditugu batzuetan, gogorra egin arren. Erabakiak zuzenak direlako hartu behar dira, legeak eta konstituzioak horretara eramaten gaituztelako”. Espainiako Justizia sisteman, ordea, estatu arrazoia nagusi da funtsezko auzietan. Hori berriro ikusiko da Barne ministroaren aferan ere; “lurralde gatazkarik” ez “probokatzeko”.♦

Udazkeneko hitzordurako joera

BERRIAko analisiaren (2016-06-19) laburpena: EAEn, 1977tik aurrerako hauteskundeetan, nagusi azaldu izan da EAJ. Baina, tarteka, sufritu izan du, batez ere Espainiako Kongresurako bozetan, era batera edo bestera —edo bietara— sei aldiz ez baita aurrena geratu. Okerren 1980ko hamarkadaren bigarren partean egon da EAJ; batik bat, 1986an, eta arrazoi nagusia alderdiaren krisia izan zen. Sabin Etxean jakin edo asmatu izan dute ezbeharretatik osatzen. Baina orain, sei hilabetera EAEn berriro Ahal Dugu nagusitzeak joera bat adieraz dezake bertako hurrengo hauteskundeetarako. Eta hurrengoak laster izango dira erkidegoan: udazkenean, Eusko Legebiltzarrerakoak. EAJren hitzordu nagusia da hori, baina alderdi krisiaz geroztik botere instituzional handiena duen honetan Kongresurako bozetan berriro galtzea emaitza koiunturala baino gehiago da. Horrek ez du esan nahi udazkenekoak galdu egingo dituenik. Berez, arrunt hauteskunde desberdinak dira, eta EAJk badu tradizio bat. Baina indartsu sartuko da Ahal Dugu, eta EH Bilduren Otegi efektua ere kontatu behar da. Ikusiko da zer batura egin ahalko diren, eta EAJren egungo bazkide PSE-EE Espainiako emaitzek abaildua denentz. Oraingoz, gaur zortzikoari begiratu beharko, garrantzia udazkenekoek dutela kontuan hartuta.♦

Prozesua: oiloa ala arrautza?

Gure Esku Dago-ren bazkidetzari buruzko artikuluaren barruan BERRIAn atera dugu Katalunian prozesu politikoaren momentuak garrantzia duela haren aldeko herri dinamiken babes soziala handitzean. Haien artean, Omnium Cultural-ena, prozesuan protagonismoa duenetik bikoiztu egin baitu bazkide kopurua: 2010 bukaeran 23.737 zituen, eta iazko azaroan, 54.200 (Omnium-en bazkidetza taula). Esanguratsua izan zen Muriel Casals zenak 2013ko irailean BERRIAko elkarrizketan emandako mezua —hura zen Omnium-eko presidentea orduan—: “Gure kasuan ere, independentzia nahia hor zegoen lehendik ere, baina gordea. 2012ko udazkenean atera ginen armairutik, Gramaneteko Santa Coloman egin genuen ekitaldi batean. Orduan, jendaurrean esan genuen independentziaren alde lan eginen genuela, eta, zorionez, ordutik ez digu kide bakar batek ere alde egin; alderantziz, erakundearen bazkide sortzaileek begi onez ikusi dute aldaketa. Guretzat urrats naturala izan da: Kataluniako hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean diharduen entitate batek helburu horiek bermatuko dituen aukeraren alde egin behar du beti; eta kasu honetan, independentzia da gure hizkuntza eta kultura bermatzeko biderik zuzenena”.

Prozesurako ere, zer behar da lehenago: oiloa ala arrautza?♦

Erabakitzeko eskubideaz esanak

“Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da”, zioen Gure Esku Dago-k bere sorreraren aurkezpenean, 2013ko ekainaren 8an, atzo hiru urte. Aldarrikapen eta kontzeptu horien inguruan 2013 hasieratik jasotako esanen bilduma bat osatu dut. 40 orrialde dira, esanak kronologikoki antolatuta. Erabakitzeko eskubidearen aldekoen aipuak daude, eta kontrakoenak ere bai; Euskal Herrikoenak eta kanpokoenak; Euskal Herriaz, eta Kataluniaz eta Eskoziaz-eta. Hiru urteotan izan da bilakaerarik. Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslearena da bildumako azkeneko esanetakoa: “Katalunian 2006an sortu zen PDD Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Plataforma. Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenaren kapitulua agortuta dago, eta orain [katalan estatua sortzeko] gehiengoa gauzatzeko lan egin behar da” (2016-05-25). Azkeneko esana Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailearena da: “Gaur egindako 34 herri galdeketa hauekin, zenbatekoetan baino gehiago, kualitatiboki ikaragarrizko pausoa eman dugu” (2016-06-05).♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑