BERRIAko analisiaren (2016-11-23) laburpena: Ez da harritzekoa izan EAJk eta PSE-EEk gobernu ituna egitea. Beste itun bat izan da, baina EAEn zirkulua itxi duena da. Duela hiru urte abisatu zuten zer egitekoak ziren, ez atzo gauean, eta ezker subiranista soziopolitikoa ez da gai izan alternatiba bat prestatzeko. Pultsu soziala ondoen hartzen duen alderdia da EAJ, eta gizartearen antzik handiena duena. Gainera, gobernatzeko babesak behar baditu, erraz jartzen ditu besteak bere bueltan. EAEn EAJrena da zentralitate politikoa, eta luzerako doa PSErekin duen aliantza. Gertakari handiak beharko lirateke taula astintzeko edo. Kataluniaren aldebakartasuna, muturreraino? ETArena? Aurreko legealdian Jaurlaritzaren ardatz batzuetan aurrerabiderako estrategia ausart baten falta zen gauzarik nabarmenena. Gobernu itun hau aztertuta, badirudi bide berean abiatu dela EAJ. Eroso. Gainera, nekez ikusiko da gobernukideen arteko pitzadurarik. Donostia 2016k presoen artelanei ezarritako zentsuran ikusi da: Markel Olano ahaldun nagusiak ere ez du erreparorik izan adierazteko ez dela zentsurarik egon. Izan ere, zergatik ireki arrakala?♦