Enekoitz Esnaola

Hilabetea: abendua 2016 (Page 1 of 2)

Gauza txiki batzuk (10)

EITBko albistegiak. EITBko albistegiak: LABen diagnostiko orokorra eta proposamenak aurkezteko prentsaurrekoa deitu zuen EITBko LABek, eta hedabiderik ez zen azaldu… BERRIAk badakar artikulu bat idatziaz: “ETB1eko albistegietarako agenda eta arduradun propioak nahi ditu LABek“. Ematen du zer pentsatua txostenak. Esaterako, hau dio:

LAB-EITB

Espainiako erregea. Hego Euskal Herrian berriro jaitsi egin da Espainiako erregearen Gabon gaueko monologoaren telebista jarraipena, minimo historikoetaraino jaitsi ere. Dena den, politikari abertzaleak Eguberri egunez halako lehorkeri bati buruz lehen baino gehiago edo toki gehiagotan mintzatzen dira, Twitter ere baliatuz. Deskonexio mental ezaz ere txosten bat egin beharko da.

Sortu. Sorturen Zohardia txostenak 751 zuzenketa partzial jaso ditu. Gehienak, euskaraz idatzitakoak dira. Euskaraz bizitzeko borondatearen isla. Euskaratik ta euskaraz, 2017ko desafioa, euskaldun kontzientzia zeozer berpizten hasteko.♦

“Zikloa ixteko”, esan eta egin

BERRIAko analisiaren (2016-12-28) laburpena: “Zikloa itxi”. Hori esaten da maiz ezker abertzalean; azkenaldian, sarriago. Azken hiru bat urte galdu diren sentsazioa daukate ezker abertzalean. Ez dute gehiago galdu nahi. Armagabetzean ildoa berritu du ETAk. “Espetxeak husteko” ildoa berritzeko gogoeta hasi du EPPK-k; berritasun nabarmenak dauzka zuzendaritzaren proposamenak, eta uste du “ezinbestekoa” izango dela euskal gizartearen inplikazioa. Ildo berria onartuz gero, esandakoa egiteko tenorea helduko zaie EPPK-koei. Esan eta egin. Horretarako, engaiamendua. Ipar Euskal Herrian ari dira. Mugarri izan zen Baionako adierazpena —2014ko urria—, eta Berhokoirigoinek-eta joan den urrian ETAri helarazitako gutunean bazekarten aipamena. “Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura”, hitz eman zuten Luhusoko polizia operazioaren ondotik gizarte eragile askok, Baionan. “Badator bide berria, badatoz lan berriak” ere bazioten. Zikloa ixteko presoen eta armagabetzearen auziek forma kolektibo, sozial eta iraunkor bat hartzen badute, bi estatuek arazo bat izango dute kontakizunarekin; hori dute kezka, Espainiakoak batez ere.♦

Luhusokoaz (II)

Ipar Euskal Herrian gizarte zibileko jendea irmo ari da ETAren armagabetzearen alde. Atxilotu egiten dituzte, baina baita libre utzi ere, baldintzapean izan arren. Azkeneko urte eta erdian: Miarritzeko ustezko arma gordelekuko etxeko Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez, Graxi Etxebehere (Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta etxean zituen), Pantxoa Flores (Iratxe Sorzabal eta David Pla aterpetxean zeuzkan), Xabier eta Denise Arin (etxean zuten Mikel Irastorza), eta orain Luhusoko bostak: Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai. Aurrerabiderako ondorio interesgarria atera daiteke hortik. ETAren armak edo etakideak etxean izatea delitua izan daiteke juridikoki, baina ETA desarmatzen laguntzea politikoki menperaezina da. Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko kideek esan dute armagabetzean aurrera egingo dutela. “Partida polita dugu jokatzeko”.♦
Luhusokoaz (I)

Luhusokoaz (I)

Euskal Herrian eragile gehienek goraipatu dute Luhusokoen ekinaldia; Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai boskotearena. Haien konpromisoa baloratzean –publiko orokorrari begira, Berhokoirigoin eta Etxeberri dira ezagunenak–, komeni da haien ibilbide osoko engaiamendua hartzea kontuan Luhusokoa konprenitzeko eta ostiralekoa jendaurrean azaltzen ibiltzeko. Datu solte batzuk ematearren, Berhokoirigoin, adibidez, Frantziako Estatuaren aurka Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeagatik epaitu egin zuten orain dela urte batzuk —gailen atera zen—. Etxeberrik, beste batzuekin batera, GALeko bi kide harrapatu zituen Baionan 1985ean, Monbar hoteleko hilketak izan eta minutu gutxira; edota, urrutira joan gabe, lehengo ekainean Frantziako poliziak “zapatu” egin zuen Baionan, lan erreformaren kontrako protestan. Orain, Luhuson ETAren armak suntsitzekoak zirenean, bazekiten atxilotzeko arriskua zutela; argitaratzeko bideratuak zituzten gutunak lekuko. Hala ere, aurrera jarraitu zuten. Bake bidean, hitzontzikeririk ez haiek.♦

Gauza txiki batzuk (9)

Harrera. Gaurko egoerari eta datorrenari ahal den ondoen aurre egiteko bazkide gehiago izan nahi ditu Harrera elkarte asistentzialak. Orain dela bost urte, ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenean, EPPK-n 703 kide zeuden. Gaur egun, erdiak: 354 –Etxeraten azaro bukaerako datua da–. Kolektibotik kanpo beste dozena bat preso daude. Urteotan izan du lanik Harrerak preso eta iheslari ohiei “gizarteratzen” laguntzen. Lana ugaritzen ari zaio, eta, Espainiako auzitegiengatik, beharrak handitzen ere bai, epaileek preso ohiei langabezia saria ukatzeagatik. Duela urte erdi bat, 2.800 bazkide zituen.

Gure Esku Dago (I). Gure Esku Dago-k esaten duenean 2019ra arteko bide orria aurkeztuko duela, zer da, 2019 hasi artekoa? 2019 bukatu artekoa? Batik bat, 2019ko hauteskunde ziklo artekoaz ari da; hau da, Hego Euskal Herriko 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak artekoaz.

Gure Esku Dago (II). Datorren larunbatean Euskal Herrian –Iruñean–, eta handik hiru egunera, asteartearekin, Katalunian aurkeztuko du bide orria Gure Esku Dago-k: Bartzelonan, Euskal Etxean. Angel Oiarbide mintzatuko da.

Orreaga taldea. “Nazio estrategiaz” hiru eguneko jardunaldiak egin ditu Orreaga taldeak Donostian, Kultur Mitxelenan, UEUrekin elkarlanean. Aretoa, bete antzean; ehunen bat lagun. Adin mota desberdineko jendea. Badute publiko bat.♦

Gauza txiki batzuk (8)

Kaleragunea. Larunbatean ireki zuten Kaleragunea, Usurbilen, eta urtarrilaren 8ra arte han egongo da euskal preso ohien ordezkaritza bat, txandaka. 30-35 ohatze daude, eta, txanda mota desberdinen bidez, lortu dute gaueko egonaldi denak ere betetzea. Ez da datu makala. Atzo eguerdian Kaleragunean zeuden preso ohi asko adin batekoak ziren; aspaldi hasi zuten borrokari amaiera duina eman nahi diote, ja hasita.

Legelariak. Berrehun legelari baino gehiagok kartzela politika “bidegabea” bukatzeko exijitu dute, urtarrilaren 14ko manifestazioan parte hartzeko dei egiteaz gain. Pauso gehiago emango dituzte juristek. “Konfrontazio juridikoa” eskatzen dute esparruko ahots esanguratsu batzuek.

Katalunia. Katalunian badatoz epaiketa eta inhabilitazio politikoak, badatoz deskonexio legeak… Talka bi subjektu politikoren artean. Eta Kataluniaren aldeko ezer egituratu gabe dago Euskal Herrian.

Euskal Herria. EAEko kanpainako esaldirik sakonena Maddalen Iriartek bota zuen: Espainia nolatan hartzen den erreferentzia modura. Iñaki Dorronsorok, berriz, joan den astean BERRIAn: “Eusko Ikaskuntzak mundua Euskal Herritik begiratzen du, ez Espainiatik edo Frantziatik”. Horixe, Euskal Herria aintzat hartzen dutenentzat, 2017rako ariketa nagusia.♦

Nafarroako azken inkesta

Nafarroako azken foru inkestaren arabera, gaurko gobernua sostengatzen duen laukoak 25 parlamentari lortuko lituzke hurrengo bozetan –Geroa Bai-EH Bildu-Ahal Dugu-Ezkerrak–, eta beste horrenbeste erregimenaren aldeko hirukoak –UPN-PSN-PPk–. Hots: UPNk 15 aulki (egun ere 15 ditu), EH Bilduk 8-9 (8), Geroa Baik 8-9 (9), PSNk 7 (7), Ahal Dugu-k 6 (7), PPk 3 (2) eta Ezkerrak 2 (2). Orain 26-24 daude. Inkestaren ondoren aipatu da Nafarroako aldaketa historikoaren aldeko indarrek eutsi egiten diotela. Pentsa daiteke Nafarroako eskuin unionismoak ez duela iazko –eta 2011ko– akatsa egingo, eta UPN eta PP 2019ko foru hauteskundeetan batera aurkeztuko direla. 1991tik elkarrekin egon ostean, 2008ko urrian hautsi egin zuten koalizio elektorala. Iaz jaso zuten faktura ederra. Berriro bat eginda joateak plusik lekarkieke. Gainera, Ciudadanos desaktibatuko lukete, eskubi konstituzionalistan boto baliagarria eskatuta –C’s-k iaz 9.993 boto, ia-ia parlamentari erabakigarri bat–. Latza dator. Urte eta erdian ez da tartea handitu; apika, nahikoa zen hastea eta eustea. Ikusiko dugu laukoaren diskurtsoan erregimena-ren eta aldaketa-ren ondotik badatorren beste gantxorik.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑